Politika -

Epaia

Gure Esku Dagoren laguntzen inguruko epaia errekurrituko du Gipuzkoak

Epaileak 100.000 euroko diru-laguntza itzultzera behartu du Gure Esku Dago dinamika. Carlos Urquijok salaketa jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntzaren kontra.

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea. Argazkia: EiTB

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Diputazioak helegitea aurkeztuko du Gure Esku Dago ekimena 100.000 euroko diru-laguntza publikoa itzultzera behartzen duen epaiaren kontra. Duela bi urte, Gipuzkoako Batzar Nagusietan gehiengoa zuten EH Bilduk eta EAJk Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikari 100.000 euroko diru-laguntza ematea erabaki zuten.

Imanol Lasa Foru bozeramaileak EiTBri adierazi dioenez, Gipuzkoako Diputazioak dagoeneko prest du apelazio helegitea. Haren hitzetan, diru-laguntza gardentasun osoz eta legez eman zen.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Gure Esku Dago ekimenari emandako 100.000 euroko diru-laguntzaren kontra, "sezesioaren sustapena" "Aldundiaren eskumenen artean" ez dagoela eta "leialtasun instituzionalaren kontrakoa" dela argudiatuta.

"Independentzia aldarrikatu nahi duenak egin dezake, baina ez denon artean ordaindutako erakunde publikoen bitartez eta legeak ematen ez dion arduretarako", gaineratu zuen Urquijok.

Carlos Urquijok azaldu zuenez, "erabakitzeko eskubidea eufemismoaren atzean independentziaren aldarrikapena dago, eta argi dago Espainiaren zati batek, Euskadik, ez duela guztiaren gaineko 'erabakitzeko eskubide'rik, eta are gutxiago denon diruarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Gipuzkoa Gure Esku bideoak Albisteak