Politika -

36 urte geroago

Alonsotegik Aldana tabernako biktimak gogoratu ditu

Lore-eskaintzaren ostean, 'Aldana 1980. Isiltasun eztanda' dokumentala estreinatu dute, "egia ezagutzeko eta inpunitateari aurre egiteko lana", hain zuzen ere.

Alonsotegin egindako lore-eskaintza. Argazkia: Irekia
Alonsotegin egindako lore-eskaintza. Argazkia: Irekia
Alonsotegik Aldana tabernako biktimak gogoratu ditu

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria 1980ko atentatu terroristaren lau biktima alonsotegiarrei egindako lore-eskaintzan izan da; baita atentatuari buruzko Aldana 1980. Isiltasun Eztanda dokumentalaren estreinaldian ere, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Alonsotegiko San Bartolome elizan egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira biktimen senitartekoak halaber. Udalbatzako kideekin batera, haietako bakoitzak lore bana utzi du harresian. Bertara gerturatu da ere Aintzane Ezenarro Memoriaren Institutuaren zuzendaria.

Estreinatu berri den dokumentalak 40 lekukotza jaso ditu; besteak beste, nabarmentzekoak dira parte hartu duten 80. hamarkadako pertsona garrantzitsuak, esaterako, Carlos Garaikoetxea, Xabier Arzallus eta Txema Montero.  Horrez gain, biktimen senideen eta lekukoen hitzak bildu ditu dokumentalak: Iñigo Urkullu lehendakariarenak, kasu, bera ere alonsotegiarra den heinean. Bertan parte hartu du ere Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.

"Egia ezagutu eta zigorgabetasunaren aurka borroka egin" nahi du Iban Gonzalezek zuzendutako lanak. Espainiako Talde Armatuek sei kilo Goma-2 jarri zituzten Aldana taberna barruan, eta Manuel Santacoloma, Liborio Arana eta Mari Paz Ariño eta Pacifico Fica senar-emazteak hil zituzten. Gainera, dozena bat lagun zauritu zituzten.

Erasoaren xehetasunak horiek dira soilik. Jose Amedo agenteak ikerketa zuzendu zuen, baina ez dago prozeduraren agiririk.

Bizirik atera ziren biktimek ez dute atentatua oraindik ahaztu. Konpondu ezinezko kalteak dituzte. Gainera, ia lau hamarkada hauetan isiltasuna nagusi izan da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Atentatuak albisteak Gaurko titularrak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa