Politika -

Gobernagarritasuna

Rajoy: 'Sanchez kosta ahala kosta Tinelleko Itun bat bilatzen ari da'

PPren Exekutibo bat eragozteko, PSOEko buruzagiak “independentisten eta estremisten” babesa nahi duela salatu du Gobernuko presidenteak.

Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy Gobernuko presidentea. Argazkia: EFE
Independentisten babesa nahi izatea leporatu dio Rajoyk Sanchezi

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPren Exekutibo bat eragozteko, Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak “independentisten eta estremisten” babesa “kosta ahala kosta” lortu nahi duela salatu du gaur Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Rajoyren hitzetan, Sanchezek “Tinellen Itun” bat erdietsi nahi du.

Inbestidura saioaren zain, politikan jarraitzeko asmoa azaldu du Rajoyk Radio Nacional irratian, nahiz eta Gobernuko presidentea izaten jarraitzeko borondatea izan.

Exekutiboko jarduneko presidentearen ahotan, Sanchez (atzo independentismoa “bultzatzea” leporatu zion Rajoyri) bere adierazpenekin asko hitz egiten duela demostratzen ari da, baina Senatuan talde propioa izateko Convergenciari eta ERCri senatariak emateko erabakia ez du oraindik azaldu.

Azalpen horien faltan, Sanchez “Tinelleko Itun” antzeko bat (Pasqual Maragallek Generalitateko Gobernua eskuratu zuen horren bidez) lortzeko saiakeran ari dela uste du Rajoyk. Horretarako, “guztien aurrean amore emateko eta bere erantzukizuna alde batera uzteko” prest dago, “independentistekin eta estremistekin” akordio bat lortzeko.

Iritzi publikoa desbideratzen saiatzeko, Sanchezek eraso egiten diola uste du Gobernuko jarduneko presidenteak.

PP-PSOE-Ciudadanos ituna

“Babes parlamentario zabaleko” gobernu bat berriro defendatu du jarduneko presidenteak. Hala, “Espainiaren etorkizunarentzako programa” baten inguruan hitz egiteko eskaintza egin die PSOEri eta Ciudadanosi.

Negoziazio batean “guztiaz hitz egin” daitekeela ziurtatu du Rajoyk. Elkar ulertzeko “tartea” badagoela uste du agintariak, baina Sanchezen jarrera salatu du, buruzagi sozialista ‘ezezkoan’ tematu delako.

“Bere jarrera estremistekin adostea den bitartean, negoziatzea oso zaila da. Norbaitek nahi ez baldin badu, oso zaila da”, azpimarratu du Rajoyk. Pedro Sanchezekin biltzea “aurreikusirik” ez duela esan du PPko buruzagiak. Hala ere, inbestidura eztabaidaren markoan eskaintza bat egingo diola aurreratu du.

Sanchez: "Ezetz ezetz da"

PPk proposatzen duen "koalizio handiaren" aurrean, ezetz ezetz dela esan dio Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari.

Sanchezen esanetan, PPk eserlekuak batu eta gobernua osatzeko balizko ituna egin nahi du "boterean betikotzeko". Bestalde, PSOEk "herritarren arazoak konponduko dituen" ezkerreko gobernu progresista bilatzen duela nabarmendu du Sanchezek. Ildo horretan, gainerako alderdiek beren "konpromisoak" beteko dituztenaren eta Espainiak "gutxi barru" gobernu progresista izango duenaren itxaropena agertu du.

Errejon: "Elkarrizketa da negoziazioak zabaltzeko giltza"

Iñigo Errejon Podemoseko idazkari politikoak azpimarratu duenez, "elkarrizketa da negoziazioak zabaltzeko giltza", baina horretarako "borondatea" behar dela adierazi du. "PSOEk gobernu aldaketa gauzatzeko borondatea balu, ez lie eserlekuen truke Kongresuaren Mahaia oparituko PPri eta Ciudadanosi", gaineratu du.

Senatuan, ERCk eta Democracia i Llibertatek alderdi propioa izateko PSOEk alderdi bakoitzari bina senatari eman izana eta, aldiz, "baldintzak betetzen dituzten Kongresuko beste indar batzuei taldea osatzea" eragoztea kritikatu du. "Politikan, konpromisoa ekintzekin erakusten da eta ez hitzekin. Oraingoz, PSOEk aitzakiak baliatu ditu gurekin hitz egitera ez esertzeko. Bien bitartean, Podemosek bere esku dagoen guztia egingo du PPk Gobernuan errepika ez dezan", gaineratu du.

Riverak baztertu egin ditu PSOEk Podemosi eskaini diezazkiokeen "asmakizunak"

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak baztertu egin ditu Podemosek Kongresuan lau talde parlamentario izateko PSOEk Pablo Iglesiasen alderdiari eskaini diezazkiokeen "asmakizunak".

Ciudadanoseko buruzagiak azpimarratu duenez, "ezin da bulegoetan lortu hautetsontzietan lortu ez dena" eta hori egiten saiatzen diren alderdiei aurre egingo diela gaineratu du. "Herriaren borondatea errespetatu behar da", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy berriak Pedro Sánchez bideoak Gaurko azken orduko albistea