Politika -

Sortu

Otegi hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dela esan du Izkok

Sortuko bozeramailearen hitzetan, Otegi zigortu zuen Auzitegi Gorenaren epaia "dagoeneko ezin daiteke ukitu irmoa delako, ezin da aldatu".

Amaia Izko Sortuko bozeramailea. Argazkia: Sortu
Amaia Izko Sortuko bozeramailea. Argazkia: Sortu
Otegiri buruzko epaiak ez du ezer aldatuko, Sorturen ustez

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaia Izko Sortuko bozeramailearen ahotan, "praktikan, Arnaldo Otegik lehendakaria izateko beharrezko botoak" behar ditu bakarrik, "Legea argi esaten duelako"; izan ere, gaitasungabetzea zer kargutarako den ez dute zehaztu.

'Free Otegi-Free them all' kanpainaren baitako bideoa aurkezteko ekitaldiaren ostean eskainitako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak abokatu ere baden Izkok. Azaldu duenez, "Gorenak emandako epaia Auzitegi Nazionalak egikaritu zuen duela hiru urte. Kargu eta enplegu publikoetarako gaitasungabetze berezia ezarri zioten eta epaia irmoa den aldetik, ezin dute aldatu, ezin da eskatu hura zehaztu edo aldatzeko".

Hain justu, inhabilitazio berezi hori "ez da nahikoa hauteskundeetara aurkezteko aukera saihesteko, eta orain ezin dute aldatu", azpimarratu du.

"Beldurra diote"

Otegiren defentsak gaitasungabetzearen kontra Auzitegi Nazionalean aurkeztutako errekurtsoa ez onartzearen arrazoiak aztertu ditu agerraldian Amaia Izkok. Haren esanetan, "Estatuko botereek beldurra diote Otegik kalean egingo duen ekarpen politikoari, eta, zehazki, eragotzi nahi dute Arnaldo hurrengo lehendakaria izatea".

Auzitegi Nazionalak atzo emandako epaiak "ez du inondik inora Arnaldoren egoera aldatzen, ezta duela hiru urtetik betetzen ari den gaitasungabetze berezia ere", zehaztu du Izkok. "Epaiak ez du esaten hauteskundeetara aurkez ezin daitekeenik. Berak hala nahi badu eta EH Bilduko oinarriek hala erabakiz gero, aurkeztu ahal da", erantsi du.

Izkoren hitzetan, mota horretako sententzia “orokor” bat praktikara eramatea “gehiegikeria izango litzateke, Zuzenbideak horretarako betarik ematen ez duelako”.

“Erabakitzeko dago”

“Honenbestez, Auzitegi Nazionalaren ebazpen batek ezin du egoera hori aldatu, nahiz eta Arnaldo gaitasungabetuta egon, berak eta EH Bilduk hala nahi baldin badute datozen hauteskundeetara aurkeztuko da”, gaineratu du. Hala ere, “hori erabakitzeke dago oraindik, bere aldetik, zein EH Bildu osatzen dutenen aldetik”, zehaztu du.

Auzitegi Nazionaleko ebazpenaren aurrean “Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa” aurkezteko aukera dagoela esan du Izkok, baina Otegiren defentsak zer egingo duen ez dakiela erantsi du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Auzitegi Nazionala Albisteak Sortu Auzitegi Gorena EH Bildu Bizkaia