Politika -

Gorteen osaketa

ERC-EH Bildu-IUren eta Compromisen taldeak atzera bota ditu Kongresuak

PPren eta Ciudadanosen ustez, ERCk, EH Bilduk eta IUk "lege-iruzurra" egin nahi zuten taldea osatuta, eta eskariaren kontra bozkatu dute.

Atzera bota dute EH BILDU, Esquerra Republicana eta IUren taldea

1:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregistratutako zortzi talde parlamentarioetatik seiri bakarrik eman die oniritzia Kongresuko Mahaiak, ERCk, EH Bilduk eta IUk elkarrekin osatu nahi zutena eta Compromiseko lau diputatuek eratu asmo zutena baztertuta.

Diputatuen Kongresuak izan behar dituen talde parlamentarioen inguruko erabakia hartzeko bilera egin du goizean Mahaiak. Ordubete eta erdiko batzarraren ondotik, erabakitakoaren berri eman du Patxi Lopez ganberako presidenteak.

Horren esanetan, ERCk, EH Bilduk eta IUk osatu asmo zuten taldea atzera bota du Mahaiak, PPk eta Ciudadanosek (gehiengoa dute Mahaian) kontra bozkatu baitute. Alderdion arabera, "lege-iruzurra" egin nahi zuten EH Bilduk eta IUk, talde propioa osatzearren emandako diru-laguntza kobratu ostean, mistora igarotzeko asmoa iragarrita zutelako.

Lopez bera "harrituta" agertu da PPk eta Ciudadanosek hiru alderdien eskariari betoa ezarri diotelako.

Compromis alderdiko lau diputatuek ere ezingo dute talde parlamentarioa izan. Atzo, Podemosek beste bi lurralde-koalizioekin erregistratutako taldetik kanpo geratzea erabaki zuen Valentziakoak, eta talde propioa izateko eskaria aurkeztu zuen. Dena dela, bost diputatu ez dutenez, jakina zen Compromisek ez zuela talderik izango (Podemosek bakarrik eman du horren aldeko botoa).

Baztertutako taldeek hiru egun dituzte orain alegazioak aurkezteko. Errekurtsoak asteartean aztertuko ditu Kongresuko Mahaiak.

Euskal Taldea eta Kataluniako Taldea

Democracia i Libertat (CDCk eta Unioko kide batzuek osatutako koalizioa) eta EAJ alderdiek eskatu bezala, "Kataluniako Taldea" eta "Euskal Taldea" izena izango dute, hurrenez hurren, bi talde horiek, Lopezek iragarri duenez. Ciudadanosek bakarrik bozkatu du eskariaren kontra.

Kongresuko Mahaiak errekurtsoak aurkeztutakoan beste erabakirik hartu ezean, talde mistoaz gainera, sei talde parlamentario izango dira ganberan: PP, PSOE, Podemos-En Comu Podem-En Marea, Ciudadanos, Democracia i Llibertat eta EAJ.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua PSOE Alderdi Popularra EH Bildu Araba Ciudadanos alderdia