Politika -

Valentzia

Alderdi Popularra, beste ustelkeria kasu batean nahasita

24 lagun atxilotu dituzte, tartean Alfonso Rus Valentziako Diputazioko presidente ohia, erakunde publiko batzuetan ustez zegoen ustelkeria sare batekin nahastuta daudelakoan.

Alfonso Rus, artxiboko irudi batean.
Alfonso Rus, artxiboko irudi batean.
Alfonso Rus Valentziako PPren presidente ohia atxilotu dute

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak aginduta, polizia operazio zabala egin du Guardia Zibilak Valentzian. Valentzia erkidegoko hiru probintzietan 24 lagun atxilotu dituzte, ikerketaren inguruko iturriek jakinarazi dutenez. Alfonso Rus erkidego horretako Diputazioko presidente ohi eta PPko buruzagia dago jada atxilo hartu dituzten pertsonen artean.

Imelsa enpresa publikoarekin eta legez kontrako komisioekin omen du zerikusia ustezko ustelkeria auziak. Maria Jose Alcon Valentziako Kultura zinegotzi ohia, Maximo Caturla Hezkuntza idazkari izandakoa eta Emilio Llopis Rusen kabineteko burua ere atxiki dute. Beste bost lagun ikertuko dituzte (orain arte inputazioaren parekoa dena), baina ez dituzte atxilotuko.

33 miaketa egin dituzte, besteak beste auzian nahastutako lagunen etxebizitzetan, Ciegsa ikastetxeak eraikitzen jarduten duen enpresa publikoaren egoitzan, Jaume II.a Fundazioan eta Xativako Olimpic kirol klubean. Valentziako Udalean PPk duen taldearen egoitzan ere sartu dira Guardia Zibileko agenteak.

Horrez gain, luxuzko 150 ibilgailu bahitu eta 252 kontu korronte blokeatu ditu Guardia Zibilak.

Alderdi Popularrak alderditik bota ditu atxilotuak izan diren afiliatuak.  Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren jarduneko presidentorde eta PPko kideak nabarmendu duenez,  operazio honek argi utzi du "Espainian ez dagoela ustelkeriaren kontrako inpunitaterik, egilea nor den eta zein alderdikoa den gorabehera, atxilotzen delako".

"Bat, bi, bi mila, hiru mila... eta 12 mila euro"

2014an abiatu zuen Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ikerketa. Imelsa enpresa publikoarekin lotuta, ustelkeria politiko zantzuak ikusi zituen epaileak, Valentziako EUPV alderdiak aurkeztutako salaketa baten harira. Zehazki, Marcos Benavent sozietate publiko horretako gerente ohia jomugan jarri zuen salaketak, Berceo Mantenimientos enpresa pantaila bat sortzea egotzi zioten, Imelsa konpainiari egin barik geratzen ziren lanegatik kobratzeko. Diru publikoaren zati bat legez kontrako komisioak ordaintzera bideratu omen zuen Bentek, Rus jakinaren gainean zegoela.

Dena dela, egindako ikerketek auzia zabalagoa zela frogatuta, kereila osatuago aurkeztu zuten Valentziako epaitegietan. Erkidegoko hainbat erakunde publikoetan (udal askotan, Diputazioan eta Valentziako gobernuan) aritzen zen ustezko ustelkeria sarea da desegindakoa. Kargudunak zituzten erantzukizun postuez baliatzen ei ziren legez kanpoko komisioak kobratzeko.

Handik hilabete batzuetara, Alfonso Rus billeteak, legez kanpoko komisioenak nonbait, kontatzen entzuten ei zen audio-grabazio batzuk eman ziren ezagutzera. Honakoa entzun zitekeen grabazioan: "Bat, bi, bi mila, hiru mila... eta 12 mila euro. Bi milioi pezeta".

Rusek errugabea zela esan zuen arren, PPk alderditik bota eta Diputazioan zein alderdiaren baitan zuen kargutik kendu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Alderdi Popularra Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Castellonen? Ustezko ustelkeria politikoa albisteak