Politika -

Gernikan

III. Foro Soziala, ETAren armagabetzearen oinarriak finkatzea helburu

Nazioarteko hainbat hizlari elkartu dira gaur Gernikako Lizeo antzokian, besteak beste, Alberto Spektorowsky eta Brian Currin.

Brian Currin Euskal Herriko kasuaz arituko da Gernikan. Artxiboko irudia: EFE
Brian Currin Euskal Herriko kasuaz arituko da Gernikan. Artxiboko irudia: EFE
Brian Currin Euskal Herriko kasuaz arituko da Gernikan. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren batzarra egiten ari da gaur Foro Soziala Gernikan, ETAren armagabetzearen oinarriak finkatzen saiatzeko eta gizarte zibilak prozesu horretan izan dezakeen ekarpena aztertzeko.

Bake Bidea, Uharan eta Gernikako batzordea elkarteek antolatu dute gaurko hitzordua, "Gizarteak eraikiz, bake prozesua indartzeko" lelopean. 150 partaide elkartu dira 09:30etik aurrera Gernikako Lizeo antzokian, eta batzarraren aniztasuna azpimarratu dute antolatzaileek.

EAJk, Ahal Duguk, EH Bilduk, LABek, STEE-EILASek eta CCOOk eta beste hainbat gizarte eragile parte hartzen ari dira Foro Sozialean. Gainera, bertan dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko eta beste hainbat eragiletako kideak, horietako asko lankidetza arloan dihardutenak.

Brian Currin eta Alberto Spektorowsky Harremanetareko Nazioarteko Taldeko kideak hizlari gisa parte hartzen ari dira. Alberto Spektorowsky itxaropentsu mintzatu da eta uste du Espainian osatu daitekeen gobernu berriak Mariano Rajoyren gobernuak ETAren armagabetzearen alorrean ezarritako "blokeoa" hautsi dezakeela. Radio Euskadiko Ganbara saioan egindako elkarrizketan, indarkeria bukatuta, gatazka zigiluz behin betiko ixtea falta dela nabarmendu du Alberto Spektorowskyk. Haren esanetan, "gizarte zibilak funtzionatzen badu gainerakoak ere hobeto funtzionatzen du, hain zuzen ere, arazoak leundu daitezkeelako", eta horrek aurrerapausoak ematen lagundu dezake. "Bide onetik goazela uste dut", gaineratu du.

Brian Currinek ez ezik, ondokoak ere parte hartzen ari dira III. Foro Sozialean: Veronique Dudouet, Berghof Fundazioko kidea; eta Kristian Herbolzheimer, Conciliation Resources erakundeko proiektu kolonbiarren arduraduna.

Peio Dufau Bake Bideko bozeramaileak III. Foro Sozialaren aurkezpenean azaldu zuenez, hirugarren edizioaren helburua ETAren desarmeari "bultzada" ematea da, gai hori "funtsezkoa" baita bake-prozesuak aurrera egin dezan.

Bake Bideko kidearen hitzetan, Baionako adierazpenak (2014an aurkeztu zena) Frantziako Asanblea Nazionalera eraman zuen bake prozesua, hura bultzatzeko eta garatzeko "garrantzitsua" izan zena.

Hala ere, ez zuen esperotako arrakasta izan, 2014an ETAk armak zigilatzeko abiatutako prozesua "oso astiro" garatu baita.

Hori dela eta, III. Foro Sozialak gizartearen ekarpenak bideratu nahi ditu, armagabetze "ordenatu" baten oinarriak finkatzeko.

Bestalde, III. Foro Sozialak Kolonbiako bake prozesuan ere jarri du arreta eta gaiaz solasteko Carlos Alberto Ruiz Socha La Habanako elkarrizketetan aholkulari ibilitako abokatu kolonbiarra gonbidatu dute. Ildo horretan, prozesu horretatik atera diren eta Euskal Herriarentzat baliagarriak izan daitezkeen ideiak nabarmendu ditu Alberto Spektorowskik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gernika-Lumo ETA Albisteak