Politika -

Bigarren bilera sorta

Iglesiasek berretsi du ez lukeela Sanchez-Rivera gobernua babestuko

Gainera, berriz ere aurkeztu dio PSOE-Podemos-IU gobernu-proposamena Felipe VI.ari, baina, azpimarratu duenez, "Podemosekin eta Ciudadanosekin batera ezin liteke".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak berretsi egin dio Felipe VI.ari bere alderdiak ezezko botoa emango lukeela PSOEk eta Ciudadanosek osatutako gobernu baten bozketan eta "agerikoa" da ez dela posible izango Podemos eta C's batera egongo diren gobernua.

Erregearekin bigarrenez bildu eta gero Kongresuan egindako prentsaurreko batean, Iglesiasek esan du berriz ere luzatu egin diola PSOE-Podemos-IU alderdiek osatuko luketen gobernu proposamena, Sanchez presidente eta bera presidenteorde karguekin.

"Podemosekin eta Ciudadanosekin batera ezin liteke", esan du Iglesiasek. Gainera, behin baino gehiagotan azpimarratu du Pedro Sanchezek aukeratu egin beharko duela.

Bestalde, Iglesiasek adierazi du espero duela talde parlamentarioen arteko bileretan, Kongresuko Batzordeen Presidentetzak zehazteko, "bidezko" akordioak lortzea eta bere alderdiak "dagokion" lekua izatea, abenduaren 20an jasotako botoak kontuan izanda.

"Bete betean sartuta gaude negoziazioan, eta dagozkigun batzordeen buru izatea espero dugu, jaso genituen botoen neurrira", azaldu du, datu gehiagorik esan gabe. Gainera, "oraingoan", Kongresuko Mahaia osatu zutenean ez bezala, "bidezko akordioa" egotea espero du Podemoseko buruak.

Era berean, ezagutarazi duenez, erregearen ustean, hautagai batek Estatuburuaren babesa eskatzen duenean, inbestiduran aurkezteko, "zentzuzkoa da, nonbait, proiektua aurreratua izatea".

Iglesiasen esanetan, "oso zentzuzkoa" izan da Estatuburuak egindako gogoeta, baina ez du zehaztasun gehiagorik eman nahi izan, eta ez du baieztatu erregea prest egongo ote litzatekeen alderdiei epea luzatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua argazkiak Pablo Iglesias albisteak Pedro Sánchez albisteak Ciudadanos alderdia Gaurko azken ordukoa Podemos Albert Rivera berriak