Politika -

Negoziazioak

Iglesiasek Sanchezi esan dio ez duela negoziatuko C’s tartean badago

Podemosen buruak esan du PPrekin ez dela inora joango, baina inbestidurarako epea ahalik eta motzena izateko nahian bat egiten du popularrekin.

Sanchez eta Iglesias. Argazkia: Efe
Sanchez eta Iglesias.
Iglesiasek Sanchezi esan dio ez duela negoziatuko C’s tartean badago

1:16

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemosen buruak esan du Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiak negoziatzeko Podemos eta IU aukeratzea espero duela, Ciudadanosen ordez, eta ohartarazi du ez duela ezer negoziatuko sozialistekin horiek "eskuindarren" Gobernuaren aldeko apustua egiten jarraituz gero.

"Bihotzez espero dut aldaketaren aldeko Gobernu aurrerakoia hautatzea", azpimarratu du ordu eta laurdenez Sanchezekin Gobernuaren osaketaz hitz egin ostean emandako prentsaurrekoan.

Hala, Podemos edo Ciudadanosen artean hautua egiteko presa sartu dio Sanchezi, biekin agintzea ezinezkoa eta gobernu "egonkorra" edukitzeko aukera bakarra "koalizioa" delakoan.

"Pedrori esan diot lehenbailehen erabaki dezala", berretsi du Iglesiasek, sozialistekin "pazientzia" izaten ari direla azpimarratu aurretik.

Podemosen buruak esan du errespetatzen duela PSOE nahi duenarekin biltzea, baina bere babesa izateko Gobernu "aurrerakoia" osatu behar duela, Ciudadanosekin ituna egitea PPrekin egitearen oso antzekoa delakoan.

Sanchezek Podemosen alde egiten duen unean jarriko omen du Iglesiasek alderdiaren negoziazio taldea martxan, "konfiantza eremuak ehuntzeko".

Ez du abstentzioa emango

Iglesiasek argitu du "inola ere ez" duela aurreikusten abstentzioa ematea Pedro Sanchez sozialista presidente izateko, Gobernu "egonkor" bakarra koalizio batetik etorriko delakoan.

Gainera, ziur esan du EAJk, DiLk eta ERCk babesa emango lioketela koalizio "aurrerakoiari", ez luketeelako "PPk gobernatzea nahi".

Inbestidura lehenbailehen

Podemosen buruak esan du ez dela inora joango PPrekin, baina bat egiten duela 'popularrekin' inbestidura saioa lehenbailehen egiteko eskaerarekin.

Podemosen ordezkariaren arabera, ez da epea luzatu behar, "espainiarrek ez dezaten denbora gehiagoz pairatu Rajoy presidente karguan".

PPk formalki eskatu du inbestidura 22rako

Rafael Hernando PPk Kongresuan duen bozeramaileak iragarri du formalki eskatu dutela inbestidura otsailaren 22an egitea. Hala, idatzi bat aurkeztu diote Patxi Lopez Kongresuko presidenteari inbestidura saioa 17 egun barru izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak Pablo Iglesias albisteak Pedro Sánchez Gaurko azken ordukoa Podemos berriak