Politika -

Hitzaldia Bidebarrietan

Angela Davis, Bilbon: 'Espetxeratzeen amaiera eskatu behar dugu'

Ekintzaile estatubatuarraren esanetan, "emakumeak gizonak baino modu konplexuagoan dira Estatuaren indarkeriaren biktima, bereziki transexualak".

Angela Davis ekintzaile amerikarra Euskal Herrian da

1:02

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Davis ekintzaile politiko estatubatuarrak "espetxeratzeen amaiera" aldarrikatu du ostiral arratsalde honetan, Bilbon.

"Funtsezkoa da aitortzea zigorrek eta ekonomia kapitalistak lotura dutela", adierazi du, Bidebarrieta liburutegian eskainitako "Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela" hitzaldian.

Ekintzailearen esanetan, "irabazi asmorik ez duten eta gizartea enpatikoagoa izaten laguntzen duten justizia motak eraiki behar dira".

Davisek salatu du AEB "mundua gidatzen duen espetxe-herrialdea" dela, eta "espetxe eredua" esportatzen ari dela gainerako herrialdeetan. "Kartzelak demokrazia burges berriaren erakunde garrantzitsuenetakoak dira", ohartarazi du.

Angela Davis mugimendu feministaren eta espetxeen aurkakoaren ikurretako bat da mundu osoan, eta ongi ezagutzen du emakume presoek AEBko espetxeetan bizi duten egoera, bera ere preso egon baitzen.

AEBko Alderdi Komunistako kide da, eta ospe handia lortu zuen 60ko eta 70eko hamarkadetan, Pantera Beltzetan zegoela. Rolling Stones taldeak eta John Lennonek abestiak egin izan dizkiote.

Davis Euskal Herrian da egunotan, eta ostiral honetan Bidebarrietan eskainitako hitzaldian emakume presoen drama ekarri du gogora. "AEBn, 200.000 emakume daude preso, hots, mundu osoan espetxean dauden emakumeen herena, eta duela 40 urte mundu osoan zeuden beste", salatu du.

Ekintzailearen hitzetan, "emakumeak gizonak baino modu konplexuagoan dira Estatuaren indarkeriaren biktima, bereziki transexualak".

Davisek konparatu egin ditu "euskal preso politikoak", preso palestinarrak eta beltzen borroka; horregatik, euren arteko "elkartasun harremanak" sortzea proposatu du.

Hitzaldiaren hasieran, Davisek elkartasuna adierazi die "euskal preso politikoei", batik bat Arnaldo Otegiri. Igandean, hain justu, Logroñoko espetxera joango da, ezker abertzaleko buruzagia bisitatzen saiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo berriak Bizkaiko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak EAE Albisteak