Politika -

Omenaldia Andoainen

Pagazaurtunduaren familiak 'Josebaren postontzia' mantenduko du

Maite Pagazaurtunduaren esanetan, 'beste urtebetez egon behar du, ETAren biolentzia babestu zutenek iragan horri aurre egin diezaioten'.

Joseba Pagazaurtunduari Andoainen egindako aurretiko omenaldi bat. Argazkia: EiTB
Joseba Pagazaurtunduari Andoainen egindako aurretiko omenaldi bat. Argazkia: EiTB
Joseba Pagazaurtunduari Andoainen egindako aurretiko omenaldi bat. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maite Pagazaurtunduak, duela 13 urte Andoainen ETAk erail zuen Joseba Pagazaurtunduaren arrebak, adierazi duenez, joan zen urtean herri horretan jarri zuten 'Josebaren postontzia'k "beste urtebetez egon behar du ETAren biolentzia babestu zutenek iragan horri aurre egin diezaioten".

Pagazaurtunduak Andoaingo Udaltzaingoko buru zenari familiak egin dion omenaldian egin ditu baieztapen horiek. 2003an hil zuen talde terroristak, eta omenaldia Agustin Ibarrolak egindako  Josebaren besarkada eskulturaren ondoan egin dute, Andoainen bertan. Omenaldian honako hauek izan dira, besteak beste: familiartekoak, haren alargun Estibaliz Garmendia, Fernando Savater filosofoa, hainbat ordezkari politiko (Rosa Diez, kasu), eta ETAko zenbait biktima ere (duela 20 urte erail zuten Fernando Mugicaren seme Ruben Mugica eta Gregorio Ordoñezen arreba Consuelo Ordoñez, adibidez).

Joan zen urtean postontzi zuri bat jarri zuten Josebaren besarkada eskulturaren alboan, "manifestazioetan hil gintzatela, jazar gintzatela; etxebizitzak, autoak erre ziezazkigutela eta gure familiak irain zitzatela oihukatzen zutenek beren erantzukizunari, oroimenari, hau da, Andoainen benetan gertatu zena islatzen duen ispiluari aurre egiteko aukera izan dezaten".

Adierazi duenez, 'Josebaren postontzia', "Bilduren Udalak kentzen ausartu ez zena", bere horretan mantentzea erabaki dute, birtuala den beste batekin batera, gutunak jaso dituztelako, baina "bat bera ere ez 'hil itzazue' oihukatzen zutenen eskutik".

"Ez da egon gutun bate bera ere gure kaleetan jarraitzen duten konplizeena, erailketak gauzatzeko datuak pasatu zituztenena, ezta oraindik argitzeke dauden krimenetako konplizeena ere; gutun bat bera ere ez beren iraganari aurre egiteko eta gure etorkizuna zuzentzeko beharrizan gehien dutenena", baieztatu du.

Pagazaurtunduaren aburuz, horrexegatik mantendu behar da postontzia, "beste urtebetez egon behar du, anima daitezen, gogoratu nahi ez duten iragan horri aurre egiteko aukera izan dezaten; gogoratu beharra daukagun iragana, aurrera begiratu ahal izateko, usteltasunaren, nahasmenaren, totalitarismoarekiko babesaren eta euskal nazionalistak ez garenon jazarpenaren orbanik gabe".

Bestalde, Fernando Savaterrek honako hau esan du: "garai berri batez hitz egiten dute eta garai berri honek zerbait berria du hiltzaile gehiago daudelako espetxe barruan kanpoan baino".  Zentzu horretan, "erabateko garai berria izango da hiltzaile guztiak espetxean daudenean", baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak ETA albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Andoain bideoak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa