Politika -

Auzitegi Nazionala

Shakespeareren lanetan ere indarkeria badagoela esan dute titiriteroek

Auzitegi Nazionalak kartzelatutako bi artistek helegitea aurkeztu dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilen kartzelatutako bi titiriteroek helegitea aurkeztu dute Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen erabakiaren aurka, eta Rambo eta A Nightmare on Elm Street filmak bortitzagoak direla gogorarazi dute.

Agiri batean, bi artisten abokatuek azaldu dute hainbat obra klasikotan ere indarkeria badagoela, eta Shakespeareren antzezlanak eta Krimena eta Zigorra Dostoievskyren eleberria jarri dituzte adibide gisa.

Horien esanetan, bi titiriteroek ostiralean antzeztu zuten lanaren protagonista Cristobal Polichinela da, eta pertsonaia hori hainbat artistak erabili izan dute, hala nola Jacinto Benaventek eta Federico Garcia Lorcak.

"Paradoxikoki, 'Je suis Charlie Hebdo' hunkituta oihukatu zuen demokrazia berak prozesua abiatu du orain satira bat egiten ari ziren bi artista kartzelatzeko", deitoratu dute.

Abokatuen esanetan, La Bruja y Don Cristonal antzezlana ez da umeentzakoa, eta satira umoristikoa da. Horren ildotik, gogora ekarri dute Titeres desde abajo konpainiaren webgunean "herri antzezlanak" sailaren barruan dutela antzezlana, eta ez "umeentzako antzezlanak" atalean.

Halaber, antzezlanean ikus daitezkeen indarkeria eszenak ez direla bortitzak argudiatu dute, txotxongiloek egiten baitituzte.

Terrorismoa goratzea egotzi dietela eta, abokatuek zehaztu dute "Gora Alka-ETA" pankartaren testuingurua ezagutu behar dela. Pankarta hori antzezlanaren pertsonaietako batek jarri zion sorginari, horren aurka egin ahal izateko.

Bestalde, espetxeratutako artistetako batek urritasuna duela esan dute. Horregatik, kartzelatzea "gehiegikeria eta onartezina" dela kritikatu dute.

Nazioarteko titiriteroen agiria

Testuinguru honetan, Txotxongiloen Nazioarteko Batasunak (UNIMA) bi artistak askatzea eskatu du, eta hedabideetan horien aurka egindako "lintxamendua" salatu du.

"Kasu honetan, gehienez, akatsa egon da ordutegia, lekua eta gomendatutako adina zehazteko unean, baina horrek ez du justifikatzen satira politiko bati terrorismoa goratzea leporatu izana", gaineratu du.

Nazioarteko titiriteroen esanetan, bi artistak atxilotzeko eta kartzelatzeko erabakiak "erabateko mespretxua" dira adierazpen askatasunaren aurka.

"Titiriterook barregura, malkoak, hausnarketak eta kritikak eragin nahi ditugu, eta txotxongiloen hizkuntzan gauzak puzten dira eta gauza absurdoak egiten dira; makilak erabiltzen dituzte eta edozein arau etiko edo morala hautsi egiten da, obrak behar badu", esan dute.

UNIMAk nabarmendu duenez, Don Cristobal pertsonaia tradizio handikoa da Gaztelako antzezlanetan; "zakarra, diruzalea, matxista eta gezurtia da", eta "txurroa" erabiltzen du nahi duena lortzeko.

Txotxongiloen Nazioarteko Batasuna irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta UNESCOk aitortu egiten du. Charleville-Mezieres herrian (Frantzia) du egoitza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainia Albisteak Gaur