Politika -

Abian prozesua

Prozesu independentista 'anitza' bultzatu nahi du ezker abertzaleak

Ezker abertzalearen 'Abian' txostenak "prozesu independentista eraldatzaile aldebakarrekoa" sustatzeko beharra aldarrikatu du.

'Abian' dokumentoaren aurkezpena. EiTB
'Abian' dokumentoaren aurkezpena. EiTB
'Abian' dokumentoaren aurkezpena. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleak 'Abian' hausnarketa prozesuaren baitan egindako eztabaida dokumentuaren ideia nagusia da "prozesu independentista eraldatzaile aldebakarrekoa" bultzatu beharra dagoela.

Halaber, estrategia politikoa moldatzeko deia egin du, mugimendu "anitza eta zabala" sortzeko, gehiengoak lortzeko gauza izango litzatekeena. Horrek, gainera, "zuzendaritza kolektiboa" izan beharko luke, alderdi politikoen gainetik.

Igor Arroyo (LAB) eta Marije Fullaondo (Sortu) Abian prozesuko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute Donostian, eztabaida dokumentua aurkezteko.

Testua 50 orrikoa da, eta horren helburua da "Zutik Euskal Herria ebazpenak ekarri zuen estrategia aldaketan seigarren martxa sartzea".

Ezker abertzaleak nahi du "herritar gehienen interesek eta nahiek independentziarekin lotura izatea", hori lortzea "gehienen desioa" izan dadin.

"Erronka da mugimendu independentista zabala, anitza, irmoa eta eragingarria sortzea, independentismoaren hegemonia ideologikoa azkeneraino eramateko gai izango dena", gaineratu du. Izan ere, hori da "modu bakarra estatuen itxikieria baldintzatzeko edo desaktibatzeko bide bakarra".

Ezker abertzaleak "prozesu independentista eraldatzailea" deitu dio proiektu politiko berriari, historikoki "eraikuntza nazionala" deitutakoa gaurkotuta.

Estrategia berrian, gizartearen eta ekonomiaren eraldaketa eta bizikidetza kontuak (presoak, biktimak, desarmea…) paraleloki gauzatu nahi dituzte.

'Abian' dokumentuan presoen gaia ere garatu dute, eta horiek "etxeratzeko" prozesua "banakako" bide legalak ezarriz erraztuko dela aipatu dute, Rufi Etxeberria Sortuko buruzagiak urtarrilaren 12an esan zuen bezala.

Biktimei dagokienez, ezker abertzaleak nabarmendu du denek "eskubide  berdinak" izan behar dituztela: "aintzatespena, kalte-ordainak eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak". Era berean, giza eskubideen urraketa guztien datu base bat sortzea eta egiaren batzorde bat sortzea proposatu du.

Ezker abertzaleak salatu du Estatuak "indarkeria erabiltzen" jarraitzen duela, eta ez duela "keinurik" egin "eragindako mina aitortzeko". Gainera, ezker abertzaleak argi utzi du ez diola muzin egingo bere iraganari.

Ezker abertzaleko militantean otsailaren 27an hasiko dira dokumentua eztabaidatzen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sorturen azken albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Gaurko titularrak