Politika -

Epaiketa Palman

Nooseko kontulari ohia: 'Aizoon enpresak langile faltsuak zituen'

Gainera, Pedralbes jauregitxoko etxeko langileak infantaren eta Urdangarinen enpresako kideak ziren.

Marco Antonio Tejeiro Nooseko kontulari ohia. Argazkia: EFE
Marco Antonio Tejeiro Nooseko kontulari ohia. Argazkia: EFE
Aizoonek gezurrezko langileak zituen, Tejeiroren arabera

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aizoon enpresak langile faltsuak zituela aitortu du gaur Marco Antonio Tejeiro Nooseko kontulari ohiak epaiketan. Aizoon Cristina infantaren eta Iñaki Urdanagarinen enpresa zen.

Pedro Horrach Tejeiro galdekatu du gaur. Aizoon kudeatzeko lanean ari zenean gizarte segurantzan bajak eta altak emateko ardura zuela berretsi du kontulari ohiak. Palmako duke ohien enpresan lanik egiten ez zuten pertsonen altak eta bajak kudeatu zituela onartu du Tejeirok.

Gezurrezko behargin batzuk Urdangarinen eta Julia Cuquerellaren, haren idazkariaren, senitartekoak ziren. Gainera, Pedralbes jauregitxoko eta idazkariaren etxeko langileak Aizooneko kideak ziren.

Onura fiskalak

Behargin faltsuekin langile kopuruagatik onura fiskalak lortzea helburu zuen enpresak, Horrachek uste eta damutuak berretsi duenez.

Damutuaren hitzetan, kenkari fiskalak lortzeko familia ugarietako amak kontratatzera heldu ziren eta Bartzelonatik at bizi ziren pertsonen kontratazioak ‘telelan’ bezala justifikatu zituzten, sozietatearen egoitza Pedralbesen zegoelako.

Atzo esandakoa berretsi du

Zerbitzurik ematen ez zuten eta soldatak kobratzen ez zituzten langile horiei ordaintzeko dirua formalki Iñaki Urdangarini eta Diego Torresi ematen ziela aitortu zuen atzo kontulari ohiak dagoeneko.

“Dirua belzteko modu bat al zen?”, galdetu zion fiskalak Tejeirori. “Bai” erantzun zuen akusatuak. Soldata faltsuak ordaintzeko eramaile-txekeak igorri, bankutik dirua atera eta Torresi eta Urdangarini gutun-azaletan ematen ziela azaldu zuen.

Tejeiroren ahotan, Cristina infantaren senarrak ere praktika horrekin etekina atera zuen, Aizooneko jabea zelako, bere emaztearekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin auzia Epaiketak bideoak Albisteak