Politika -

Heriotza

Muriel Casals hil da, Junts pel Siko diputatua

Bartzelonako Ospitale Klinikoan ospitaleratuta zegoen urtarrilaren 30etik, txirrindulari batek harrapatu ostean.

Raül Romeva eta Muriel Casals Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko irudia: EFE
Raül Romeva eta Muriel Casals Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko irudia: EFE
Puigdemont: 'Jarraitu beharreko eredu etikoa zen Muriel Casals'

2:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muriel Casals Junts pel Síko diputatua eta Omnium Culturaleko presidente ohia hil da (70 urte), Junts Pel Sik eta Omnium Culturalek beren Twitter kontuen bitartez baieztatu dutenez.

Junts pel Sik 07:15 inguruan jakinarazi du haren heriotza, eta azpimarratu du Kataluniako historia garaikidea ez litzatekeela berdina izango haren ekarpenik gabe.

"Asko sentitzen dugu Muriel Casals Cotourier adiskide, lagun eta diputatuaren heriotzaren berri eman behar izatea", adierazi du Junts pel Sík ohar bidez. Azaldu duenez, 01:06an hil da Bartzelonako Ospitale Klinikoan.

Bestalde, Omnium Culturalek azpimarratu du berarekin partekatutako une bakoitza gogoan izango dutela: "Zure borrokari leial izango gara: gure herrialdearen askasuna".

Bartzelonako Ospitale Klinikoko zainketa intentsiboetako unitatean ospitaleratuta zegoen, joan zen urtarrilaren 30ean bizikleta baten aurka izandako istripuaren ondorioz izandako zauri larriak zirela eta. Ezbeharrak buruko traumatismoa eta pelbiseko haustura eragin zizkion, besteak beste.

Atzo arratsalde-iluntze partean argitara emandako zenbait informaziok haren heriotzaren berri eman zuten, baina, gerora, heriotza kliniko egoeran zegoela baieztatu zuten.

Casalsen aldeko hileta elizkizunean etxeko eta gertuko lagunek parte hartuko dute. Dena den, Junts Pel Sík iragarri duenez, datozen egunetan Muriel Casalsi azken agurra emateko ekitaldi irekia egingo dute.

Muriel Casals Omnium Cultural erakundeko presidentea izan zen, baina kargua utzi zuen Junts pel Sí alderdiko zerrendetan Kataluniako 2015eko irailaren 27eko hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko.

Omnium Culturaleko presidente zela, mugimendu soberanistaren erreferenteetako eta aurpegi ezagunetako bat bilakatu zen, Carme Forcadell ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente ohiarekin batera.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren kontra emandako epaiaren harira, 2010eko uztailaren 10ean egin zen manifestazioaren bultzatzaileetako bat izan zen, askorentzat mugimendu independentistaren gorakadaren abiapuntua izan zena.

Puigdemontek Casalsen "ametsa" betetzeko deia egin du

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak gaur azpimarratu nahi izan duenez, Muriel casals diputatua "jarraitu beharreko erreferente etikoa" izan da, zeinaren lanak Katalunia "goratzen" duen. Bera bezalako jende ugarik "posible egitea lagundu duten ametsa betetzeko" deia egin du.

Generalitateko Jauregian egin duen adierazpen instituzionalean bere eta Kataluniako Gobernuaren doluminak adierazi ditu. Bere aburuz, "Kataluniaren historia alda dadila gehien lagundu duen ahotsetako bat gabe" geratzen da herrialdea.

Kataluniaren prozesu eratzaileko legebiltzar-batzordean presidente-lanak egin behar zituela gogoratu du Puigdemontek, eta, ondorioz, "oinarrizko eginbeharra" zuela. Azkenik, honako hau gaineratu du: "Ez ginateke hemen egongo pertsona zehatz batzuen esfortzu neurritsurik gabe. Casals horietakoa zen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Bartzelona bideoak Alderdi politikoak bideoak Albisteak