Politika -

Gobernu osaketa

Norekin adostu nahi duen esan behar du PSOEk, Ortuzarren esanetan

Pedro Sanchez 'gogotsu' ikusten du, nahiz eta alderdikideek eta botere ekonomikoek 'trabak' jarri dizkioten.

Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Pedro Sanchez eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidente berrautatu berriak azaldu duenez, PSOEk "proposamenak egin eta bere kartak gehiago erakutsi behar ditu". Horrela, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak gobernua norekin osatu nahi duen edota inbestidura saiorako akordioa norekin egingo duen esan behar duela uste du Ortuzarrek.

EAJko eta PSOEko ordezkariekin izandako elkarrizketez galdetuta, Ortuzarrek nabarmendu du "gogotsu" ikusi zuela Pedro Sanchez. Hala ere, EBBko presidentearen esanetan, alderdikideek, hedabideek eta botere ekonomikoek "trabak" jartzen dizkiote Sanchezi "mugitu ez dadin".

"Nire iritziz, pixkanaka-pixkanaka lortuko du, baina maniobra taktikoen fasea atzean utzi eta proposamenak aurkeztu eta haren kartak erakutsi behar ditu. Gobernu ardatza edo inbestidura saioa norekin egingo duen esan behar digu, zein alderdi aukeratu dituen eta babes hori zertan dagoen oinarrituta. Azalpen horiek erabakigarriak izango dira guretzat beraiekin esertzeko", azaldu du.

Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, presidente jeltzaleak EAJren Batzar Nagusia hizpide izan du. Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidente berrautatu dute jeltzaleek asteburu honetan Iruñean egin duten Batzar Nagusian.

Alderdi jeltzaleak "garai gozoa" bizi duela azpimarratu ostean, EAJren batasuna azpimarratu du: "Kanpoan dagoen soinuari aurre eginez, ados jartzeko eta egiazkoa den batasun eta kohesio irudia lortzeko gai izan gara".

Ortuzarrek berretsi du EAJri ez diola beldurrik eragiten inorekin adostea, ezta Madrilekin ere. Gaineratu duenez, gaur egun Madrilek ez du inorekin ados jarri nahi eta ezta inorekin itunak egin ere eta hori, Andoni Ortuzarren esanetan, "astakeria" da. "Ez digu beldurrik ematen Madrilekin itunak egitea, baina beti ere baldintza batzuk betetzen badira, tartean, elkarrenganako errespetua eta berdinen arteko harremana. Aldebikotasuna deitzen diogu horri. Madrilen eta Euskadiren arteko harremanak berdintasunean oinarrituta egon behar dute, menpekotasunik gabe", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Alderdi Sozialista Andoni Ortuzar Espainiako hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua argazkiak Pedro Sánchez Albisteak