Politika -

Dokumental batean

Juan Carlos erregea: Francok Espainiako batasuna zaintzea eskatu zidan

“Hil baino egun bat lehenago, Francok eskutik heldu eta hurrengoa esan zidan: 'Eskatu behar dizudan gauza bakarra Espainiako batasuna zaintzea da'. Eta horrek gauza asko esan nahi ditu…”, adierazi du.

Juan Carlos I.a errege emeritua. Artxiboko irudia: EFE
Juan Carlos I.a errege emeritua. Artxiboko irudia: EFE
Juan Carlos I.a errege emeritua. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Hil baino egun bat lehenago, Francok eskutik heldu eta hurrengoa esan zidan: 'Gorentasuna, eskatu behar dizudan gauza bakarra Espainiako batasuna babestea da'. Eta horrek gauza asko esan nahi ditu…”, adierazi du Juan Carlos I.a errege emerituak.

Bere bizitzaren unerik garrantzitsuenak gogorarazi ditu Espainiako erregeak dokumental batean. Frantziako telebista publikoak dokumentala atzo eman zuen. Frantziako telebistak Juan Carlosi elkarrizketa luzea egin dio lanean.

Miguel Courtoisek 'Ni, Juan Carlos I.a, Espainiako erregea' dokumentala zuzendu du. Ordu eta erdian monarkaren biografia azaltzen du, Portugalgo erbestetik abdikaziora. Hala ere, zatirik handiena abdikazioa gertatu baino lehen grabatu zuten.

Laurence Debray erregearen biografoak Juan Carlosi egindako elkarrizketa dokumentalean agertzen da. Besteak beste, Felipe VI.a, Pilar de Borbon, Alfonso Guerra, Alfredo Perez Rubalcaba edo Mario Vargas Llosaren testigantzek ere lekua dute.

Terrorismoa, oroitzapenik txarrena

Erregetzaren 39 urteetako oroitzapenik txarrenak “terrorismoaren 800 biktimak” direla aitortu du Juan Carlosek elkarrizketan. Zirrara handiarekin biktimei “elkartasuna” adierazi die dokumentalean.

Portugaletik Espainiara lehen aldiz heldu zenekoa gogorarazi du erregeak: “guztiz ikaraturik nengoen”. “Gaztelaniaz hitz egiten nuen, baina doinu frantses oso garbiarekin”, onartu du.

“Mahai-teniseko pilota bat ematen nuen orduan: aitaren eta Francoaren artean gauzak ondo zeudenean, ni Espainian nengoen. Okertzen zirenean, ordea, Portugalera bidaltzen zidaten”, esan du.

Francorekin harremana

“Erregimeneko indarrek ez zuten nire aita onartuko”, eta horregatik Francok bere ondorengo aukeratu zuela uste du Juan Carlos I.ak. “Asko hitz egiten ez zuen pertsona bat zen, baina nirekin bai, barre egin eta gauzak komentatzen genituen. Gainerako jendearekin oso hermetikoa zen”, azaldu du.

Francoren ondorengoa izatea onartu ez balu, Espainiak bizi izan zituen aldaketak egitea ezinezkoa izango litzatekeela ohartarazi du. Nahiz eta erregimen ezberdin bat nahi, hasieran nola egin bere buruari galdetu ziola onartu du.

“Bere izaera, hitz egiteko era, gustuko zituelako” Adolfo Suarez trantsizioa zuzentzeko aukeratu zuela adierazi du buruzagiak.

“Adolfok aldaketa ordezkatzen zuen benetan, aldaketa lasaia, egin nahi genuena zen (…) Oso ondo egin zuen, beti eskertuko diot”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a