Politika -

1969 – 1978 aroa

Polizia indarkeriaren 187 biktima aintzat hartu ditu Jaurlaritzak

Biktimak gehienak Estatuko segurtasun indarrek eragindako hildakoak, torturatuak edo zaurituak dira. Komisariatan sexu-abusuak jasan zituztenak ere badaude.

1976ko martxoaren 3an Gasteizen eraildako langileen omenez egindako manifestazioa. EFE
1976ko martxoaren 3an Gasteizen eraildako langileen omenez egindako manifestazioa. EFE
1976ko martxoaren 3an Gasteizen eraildako langileen omenez egindako manifestazioa. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 1960 eta 1978 urteen artean polizia indarkeriaren biktimak izan zirela aitortu die 187 pertsonari.

Balorazio Batzordeak Eusko Legebiltzarraren esku utzitako txostenaren arabera, 239 pertsonak eskatu dute polizia indarkeriaren eta gehiegikerien biktima izaera aitortzeko; 187 eskaera onartu egin dituzte; 52, berriz, atzera bota dituzte, dokumentazioa epez kanpo entregatzeagatik edo 1960 eta 1978 urteen arteko giza eskubide urraketak ez zirelako.

Aipatu biktimen aldeko ekitaldi instituzionala antolatu du Eusko Jaurlaritzak larunbat honetan, Donostian, Iñigo Urkullu lehendakariak zuzenduko duena. Duela zortzi hilabete inguru eskatu zion Egiari Zor elkarteak lehendakariari, ETAren biktimekin egin zuen bezala, Estatuaren eta poliziaren indarkeriaren biktimen aldeko ekitaldi publikoa egitea.

Hilketak, torturak eta sexu-erasoak

Donostian gogoratuko dituzten 187 biktimetatik 30, Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten, tiroz; eta beste 55  balaz zauritu zituzten. Manifestazioetan, errepideetako kontrolguneetan eta bestelako liskarretan jazo ziren.

Gainera, 72 lagunek tratu txarrak eta torturak pairatu zituzten, Espainiako Poliziaren komisariatan edo Guardia Zibilaren kuarteletan atxilotuta egon zirenean.  Bestalde, %7k zauritu egin zituzten, manifestazioetan gomazko pilotak eta ke-potoak jaurtita.

Testuinguruari dagokionez, indarkeria kasu gehienak (72) modu arbitrarioan egindako atxiloketetan eman ziren; beste 31, berriz, manifestazioetan.

Kontrolguneetan ere eskubide urraketak izan ziren, bereziki Guardia Zibilak modu indiskriminatuan tiro egiteagatik.

Aipatzekoa da, baita ere, komisariatan sexu-erasoak eman zirela, tartean bortxaketa bat gutxienez.

Inpunitatea

Francoren erregimenak 60ko hamarkadan praktikatuta errepresio bortitzak eskubide urraketa kasuen ugaritzea ekarri zuela dio txostenak.

Eraso gehienak 1975 eta 1978 urteen bitartean eman ziren, tartean daude 1976ko martxoaren 3ko gertakariak: bost langile hil zituen Poliziak Gasteizen.

Aipatu abusuak “indiskriminatuak” zirela, indarkeria kasuak “askotarikoak” zirela eta erantzuleek “inpunitatea” zutela azpimarratzen du dokumentuak.

Eusko Jaurlaritzak orain aurkeztu duen txostena, esan bezala, 1960 eta 1978 urteen artean polizia indarkeriaren biktimen inguruko da.

Joan den abenduan, berriz, 1979-1999 epealdian izandako polizia indarkeriak biktimak aintzat hartzeko lana hasi zuen, gaur aurkeztutakoari jarraipena emateko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Presoak ETA albisteak Eguneko albisteak Polizia indarkeriari buruzko albisteak Gaurko titularrak