Politika -

Terrorismoaren biktimak

Sara Buesak ez du 'eragozpenik' presoak Euskal Herrira hurbiltzeko

Presoen “birgizarteratzeko” eskubidea defendatu du Fernando Buesa PSE-EEko buruzagiaren alabak.

Sara Buesa, Fernando Buesa PSE-EEko buruzagiaren alaba. Argazkia: EFE
Sara Buesa, Fernando Buesa PSE-EEko buruzagiaren alaba. Argazkia: EFE
Sara Buesa: 'Birgizarteratzean sinisten dut'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal presoek zigorrak “etxetik gertu” betetzeko “batere eragozpenik” ez duela azaldu du gaur Sara Buesak, Fernando Buesa PSE-EEko buruzagiaren alabak. ETAk Buesa 2000. urtean hil zuen. Bestalde, presoen “birgizarteratzeko” eskubidea defendatu du politikariaren alabak.

Buruzagi sozialista eta haren bizkartzaina, Jorge Diez, gogorarazteko Fernando Buesa Fundazioaren urteroko zeremonian hitza hartu du Sara Buesak. ETAk otsailaren 22an hil zituen, Gasteizen.

Sara Buesa fundazioko presidenteordearen hitzetan, nahiz eta ETAk indarkeria duela lau urte baino gehiago utzi, “etenaldi” batean murgilduta jarraitzen du bake prozesuak. Arabako PSEko buruzagiaren alabak azaldu duenez, “elkarbizitza eraikitzeko gai garrantzitsuak” oraindik ez dituzte jorratu.

Aitaren eta Jorge Diezen hilketak “ez ziren heroikoak, ezta aberkoiak izan”, Buesak salatu duenez. “Hiltzea, hiltzea da soilik, pertsona bati, aita bati, senar bati, lagun bati… bizitza kendu; atsekabea alferrik eragin, besterik ez”, azpimarratu du.

“Hilketa hura egitasmo totalitario eta baztertzaile bat inposatzeko egin zuten”, erantsi du. Horregatik, memoria gertatutakoa “ez ahazteko funtsezkoa” dela ohartarazi du. “Herri honetan gertatutakoa gogoraraztea biktimen eskubidea da eta, gainera, indarkeria eta terrorismo etorkizun berri bat saihesteko tresnarik onena da”, nabarmendu du.

Birgizarteratzea eta sakanabaketa

Bestalde, birgizarteratzeko eskubidea aldarrikatu du Sara Buesak. “Pertsonetan, aldaketa prozesuetan eta bigarren aukeretan sinesten dut”, adierazi du. Aita hil zuten terroristak “gorrotatzen” ez dituela ziurtatu du biktimak.

Euskal presoei aplikatzen zaien sakabanaketa politikari dagokionez, justizia egin dela eta aitaren hiltzaileak zigorrak betetzen ari direla jakiteak ematen duen “lasaitasunarekin”, zigorrak “etxetik hurbil” betetzeko “batere eragozpenik” ez duela azaldu du Sara Buesak.

Azkenik, damutu diren presoen “ausardia” goraipatu du buruzagi sozialistaren alabak. “Ondorio tragikoak eta konponezinak izan dituen hanka-sartze ikaragarria” egin zutela “onartzeko gai izan dira”, esan du. Hori “pedagogia soziala egiteko oso baliagarria” dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Terrorismoaren Biktimak