Politika -

'Abian' eztabaida prozesua

Sortu: 'Presoen parte-hartzea ezinbestekoa da Abian prozesuan'

Estatu espainiarreko kartzelatara eta Bretainiako Rennes kartzelara martxak egin dituzte, ezker abertzalea egiten ari den Abian gogoeta prozesuaren baitan.

'Abian' eztabaida prozesuaren aurkezpena. Artxiboko irudia: EiTB
'Abian' eztabaida prozesuaren aurkezpena. Artxiboko irudia: EiTB
'Abian' eztabaida prozesuaren aurkezpena. Artxiboko irudia: EiTB

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk deituta, euskal presoak dauden estatu espainiarreko kartzelatara eta Bretainiako Rennes kartzelara martxak egin dituzte gaur. Aipaturiko Frantziako kartzela horretan dago Lorentxa Gamon, larriki gaixorik dagoen euskal presoa.

Ezker abertzalea egiten ari den 'Abian' gogoeta eta eztabaida prozesuaren baitan kokatu dituzte gaurko mobilizazioak.

Espetxeen atarietan egindako kontzentrazioetan komunikatu bat irakurri dute eta, besteak beste, presoek eztabaidetan parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute: "Euskal preso politikoen ekarpena ezinbestekoa da gatazkaren zikloari amaiera eman eta haren ondorioei irtenbide justu eta demokratikoa eman ahal izateko. Horregatik nahi dugu ABIAN prozesuan parte izan dezaten, haien ekarpena hil ala bizikoa delako. Euskal Herriaren etorkizuna libre eta demokratikoa izan dadin ezinbesteko baldintza dugu euskal preso politiko guztien etxeratzea".

"Euskal Herria abian, presoak etxera" lelopean egingo diren martxen helburu nagusiak hauek dira: euskal presoen sakabanaketa salatzea eta gaixorik dauden presoak aske uztea eskatzea. Antolatzaileen esanetan, sakabanaketak prozesu politikoetan parte hartzea eragozten die presoei.

Sakabanaketa politikari dagokionez, dispertsioa presoen eskubideak urratzen dituen gerra-makina dela nabarmendu dute, tartean, eskubide politikoak. Gaineratu dutenez, gaurko martxa horiekin sakabanaketa politikarekin amaitzeko erabaki sendoa adierazi nahi dute. Halaber, gaixo dauden presoak berehala askatzea eta "egun indarrean diren salbuespenezko legeak eta Kolektiboaren aurka erabiltzen diren zigor molde guztiak" indargabetzea eskatu dute.

Guztira, 3.500 pertsona abiatu dira -74 autobusetan- Espainiako eta Bretainiako Rennes kartzelatara: Alcala Mecora, Algecirasera, Estremerara, Granadara edota Navalcarnerora, besteak beste. Autobus horietako batzuk ostiral gauean abiatu ziren eta beste batzuk, ostera, gaur goizaldean. Guztira, estatu espainiarreko 48 kartzelatara eta Frantziako Rennes espetxera joan dira. Bretainiako kartzela horretan dago preso, hain justu, Lorentxa Gimon euskal herritarra. Gimonek Crohn gaixotasuna du eta datorren ostegunean, hilak 25, adieraziko dute aske utziko duten ala ez. Hasiera batean aske uzteko eskaria onartu bazioten ere, gerora, fiskalak atzera bota zuen erabakia.

Bestalde, EPPK euskal presoen kolektiboak iragarritako mobilizazioen azken eguna da gaurkoa. Gaixorik dauden presoak aske uztea eskatzeko abiatu zuten aipaturiko protesta.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sorturen albisteak Espainia albisteak Presoak bideoak Frantzia berriak ETA Albisteak