Politika -

Noos auzia

Erregearen abokatuaren eta Ogasunaren oniritzia zutela dio Torresek

Noos Institutuan Iñaki Urdangarinen bazkide zenak adierazi duenez, Jose Manuel Romerok eta Ogasunak Noosen jarduerak berrikusten eta onartzen zituzten.

Diego Torres Noos Institutuan Iñaki Urdangarinen bazkide zena. Argazkia: EiTB
Diego Torres Noos Institutuan Iñaki Urdangarinen bazkide zena.
Errege Etxearekin lotu du auzia Diego Torresek

1:42

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diego Torres Noos Institutuan Iñaki Urdangarinen bazkide zenak esan du Jose Manuel Romero Juan Carlos Espainiako erregearen abokatuak eta Ogasunak berrikusten eta onartzen zituztela erakundearen jarduerak.

Torresen arabera, Miguel Tejeiro Noosen idazkariak bilerak egiten zituen Romerorekin, "Estatu buruaren abokatuarekin, eta kontuak eskatzen zizkion" institutuak egiten zituen jardueren inguruan.

"Gainera, ekaina iristearekin batera, Tejeiro jaunak (koinatua eta Institutuaren zerga kudeaketaren arduraduna) bilera egiten zuen Ogasuneko goi mailako funtzionario batekin zerga aitorpenak berrikusteko, eta oniritzia ematen zien", azpimarratu du.

Torresen arabera, Cristina "infanta zerga ezkutua zela esatea guztiz faltsua da", Zerga Agentziaren berrikuspenak legearen bermea ematen zielako.

Urdangarinen partez sinatzen zuen

Torresek azaldu du "diskrezioz" jokatzeko sinatzen zituela berak dokumentu gehienak, bera presidenteorde eta Urdangarin presidente izan arren.

"Dokumentu eta lan-hitzarmen gehienetan, presidenteorde nintzen arren, gehienak nik sinatzen nituen ohitura hori genuelako. Baliteke orain beste modu batean egin nahi izatea, baina ez du garrantzirik. Ohitura hau genuen: "Hobe presidenteordeak sinatzen badu eta Iñaki jaunaren sinadura ez agertzea, diskrezioagatik'", azpimarratu du.

Urdangarinek Noosen nazioarteko sareko dokumentuak ez zituela sinatu nahi esan ote zion galdetuta, hau erantzun du: "Ez dut oroitzen, ez dut uste hala izan zenik, erabaki naturala izan zela pentsatzen dut".

Azpimarratu du "Noos Institutu osoak" zuela "nazioarteko proiektuetan interesa", eta lan horietan murgildu zirela, 2006tik aurrera bereziki, Miguel Tejeiro idazkariak lan horietarako Londresen egoitza izatea proposatu zuenetik.

Torresek Tejeirori egotzi dio, hain zuzen ere, nazioarteko egitura sortzeko ideia, eta "harrituta" agertu da ez dagoelako akusatuta.

Corinnak dirua Londresen ezkutatzea proposatu zuen

Iñaki Urdangarinen bazkideak esan du Corinna zu Sayn-Wittgenstein Juan Carlos erregearen lagunak proposatu zuela Londreseko egoitzaren bitartez Laureus Fundaziotik jasotakoa Espainiako Ogasunari ezkutatzea, baina Institutuak "txantxetan ere ez" zuela egingo erantzun ziola.

"Londresen dirua ezkutatzeko helburu bakarrarekin elkarte bat ez eratzea erabaki genuen", adierazi du Urdangarinen bazkideak, eta zehaztu du Corinna zu Sayn-Wittgensteinen proposamena Juan Carlos erregeari eta Errege Etxearen buruari ere iritsi zitzaiela.

Luxenburgoko dirua

Noos Institutuan Iñaki Urdangarinen bazkide zenak ukatu egin du Luxenburgora eraman zuen diruaren jatorria legez kanpokoa zela. Izan ere, Administrazio publikotik sei milioi euro bereganatzeko ustez egin zituzten legez kanpoko jarduerari esker lortutako dirua zela uste dute.

Pedro Horrach Ustelkeriaren Kontrako fiskalak egindako galdeketa gogorrean, legez kanpoko dirua atzerrian ezkutatzen zutela leporatu diote Torresi, baina horrek erantzun du Miguel Tejeiroren ardura zela finantzarekin eta bankuen aukeraketarekin zerikusia zuen guztia, eta berak "parean jarritako paper guztiak sinatzen" zituela.

"Orduan, Tejeirok engainatu egin zizun?", galdetu dio Horrachek, eta Torresek erantzun dio "konfiantza osoa" zuela koinatuarengan. Tejeiro absolbitu egin zuten, eta lekuko gisa galdekatuko dute aurrerago.

Andorran zuen kontu batetik Luxenburgora egindako 335.261 euroko transferentziaz galdetuta, Torresek esan du 90eko hamarkadako aurrezkiak zirela, "finantza segurtasun handiagoko EBko herrialde batera" bidali eraman nahi izan zituela, "zerga paradisua ez zen" herrialde batera.

Epaiketa

Noos auziaren epaiketari ekin diote gaur berriro, Torresen galdeketarekin. Luzea izango dela eta egun batzuk iraungo dituela espero dute.

Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak 16 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatzen du (Manos Limpiasek 22 urtekoa) duke ohiarekin batera Administrazio Publikoaren sei milioi euro berenganatzeko egitura bat sortzea leporatuta.

Horretarako, Pedro Horrach fiskalaren arabera, Noos Institutua "nahieran" erabili zuten sarearen erdigune gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin Gaurko azken ordukoa Abokatuen albisteak