Politika -

Valentziako PP

Rita Barbera: 'Ez dut dimisiorik emango, ez dut pentsatu ere egin'

Agerraldi gogor batean esan duenez, Valentziako PPn ez da 'B kutxarik' izan, eta berak ez du "inoiz" legez kanpoko komisiorik agindu.

Rita Barberá: 'inoiz ez dut dirua zuritzen lagundu'

1:17

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rita Barbera Valentziako alkate ohi eta PPko senatariak argi utzi nahi izan du: Imelsa auzian nahasi badute ere, errugabea da, eta, hortaz, ez du dimisiorik emango: "ez dut pentsatu ere egin", argitu du.

Leporatzen zaizkionak ezagutzen ez baditu ere, dena "gezurra" dela esan du buruzagi popularrak. "Ez dut noiz legez kanpoko komisiorik edo diru zuritzerik agindu. Ez da B kutxarik izan Valentzian. Alkateak ez du inoiz B kutxarik izan", adierazi du. Urgentziaz deitutako agerraldi batean egin ditu adierazpenok, Valentziako PPn ustez izandako ustelkeria kasuaren harira.

Ikusmin handia zegoen Barberak eman beharreko azalpenen inguruan. PPko buruzagi batzuek senatari kargua uzteko eskatu diote asteon, eta Valentziako Instrukzioko 18. Epaitegiak hura inputatzeko izapideak abiatu zituen asteartean.

Senatari kargua uzteko asmorik ez duela nabarmendu du Barberak. "Ez dut dimisiorik emango. Ez dut pentsatu ere egin", adierazi du. PPko buruzagiaren hitzetan, bera "pertsona zintzoa da, ez ustela". Azpimarratu duenez, ez du Imelsa auziaren sumarioa ezagutzen, sekretupean baitago. "Ez dakit zer leporatzen didaten, beraz, argi eta garbi esan nahi dut: ez dut dimisiorik emango", erantsi du.

"Dena gezurra da"

Taula operazioaren atxiloketak urtarrilaren 26an egin zituzten, eta ordudanik, isilik egon da Barbera, "zuhurtziaz", aitortu du. Otsailaren 2an komunikatu bat kaleratu zuen errugabea zela aldarrikatzeko eta Valentzian "legez kanpoko finantziaziorik eta komisiorik" izan ez zela azpimarratzeko.

Ildo beretik egin du agerraldia 24 urtez Valentziako alkate izandakoak, eta "gezurrak", "egur mediatikoa" eta "manipulazioa" bezalako berbak erabili ditu bere errugabetasuna aldarrikatzeko. Barberak kritika zorrotzak bota ditu hedabideen eta "muturreko ezkerra"ren kontra.

Barberaren hitzetan, "inoiz ez dut diru zuritzeetan lagundu, horren kontura esandako guztia gezurra da. 24 urteetan berarekin lan egindako zinegotzi eta aholkularien errugabetasunaz galdetuta, "berak dakiela" zintzo jokatu dutela erantzun du.

Hilabete luze eta "mingarri" honetan babesa agertu dioten PPko buruzagiei eskerrak eman dizkie Barberak, batez ere "adiskide ona" den Mariano Rajoy jarduneko presidenteari. Egun Valentziako PP zuzentzen dutenak ere ahotan hartu ditu alkate ohiak, eta "erresuminak" jota, filtrazioak egitea leporatu die.

"Ez naiz pertsona ustela"

Errugabea dela defendatu du Barberak behin eta berriz. "Ez naiz pertsona ustela, ez arlo ekonomikoan ezta moralean ere", nabarmendu du. Azaldu duenez, bere "soldata"ri esker bizi da, eta dituen ondasunak "ezagunak" dira. "Alokairuan bizi naiz, eta ez dut autorik ezta bigarren etxebizitzarik ere", argitu du.

Balizko inputazio baten aurrean, "justiziari laguntzeko prest" agertu da PPko buruzagia, dagokion auzitegian (foruduna izaki, Gorenaren aurrean deklaratu beharko luke).

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Alderdi Popularra Ustezko ustelkeria politikoa