Politika -

Epaiketa Palman

Bere enpresan langile simulatuak zeudela onartu du Urdangarinek

Fiskaltzak 19,5 urte eskatzen ditu Urdangarinen aurka, uste baitu hark eta Torresek Administrazio Publikoen Kontratuen Legea urratu zutela.

Ezagutzen ez zuten jendea kontratatzen zutela onartu du Urdangarinek

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Urdangarinek onartu egin du bera epaitzen ari den epaimahaiaren aurrean bere emaztearekin (Cristina infanta) erdibana zeukan Aizoon enpresak berak ezagutzen ez zituen langileak kontratatu zituela. Kontratazio horiek bere bazkidearen koinatu Miguel Tejeirori egotzi dizkio, eta hark alderdi fiskalengatik egiten zituela gaineratu du.

Pedro Horrach fiskalak egin duen itaunketan, Palmako duke ohiak adierazi du Noos auziko ikerketa judizialak direla medio izan duela langile horien berri, eta egoera horrek "harritu" egin duela.

"Nik egiten nituenak egiten nituen, eta aholkulari batzuk nituen. Gerora konturatu naizenez, langile horiek ez zeuden gurekin", esan du. Gaineratu duenaren arabera, ustez Miguel Tejeirok kontratatzen zituen "baremo fiskal batzuetara heltzeko" eta soldatak ordaintzen zitzaizkien.

Modu horretan, Urdangarinek eutsi egin dio bere bazkideak esandakoari, hau da, Miguel Tejeiro zela bere "aholkularia" zerga-kontuetarako, eta horretaz ez zela bera arduratzen.

Orduan, fiskalak Urdangarinen enpresan jarduten zuten pertsona batzuen izenak esan ditu, eta Urdangarinek nor ziren ez zekiela onartu du.

"Inoiz ez naiz izan komisio-hartzailea"

Iñaki Urdangarinek baieztatu duenez, sekula ez da ezeren komisio-hartzailea, eta inoiz ez zuela "ordain-sari edo komisiorik" jaso, Balearretako Gobernuak Illes Balears-Banesto txirrindulari-taldea babes zezan.

Lehenengo eguna Urdangarinentzat

Iñaki Urdangarin 13:07ak aldera hasi da epailearen aurrean deklaratzen akusatu gisa Noos auziko epaiketan. Berarekin batera Cristina infanta eta beste 15 pertsona daude auzipetuta.

Urdangarinek 19,5 eta 26,5 urte bitarteko kartzela-zigorra jaso dezake, eta  Noos Institutuan bere bazkide izandako Diego Torresen 27 orduko deklarazioaren ostean egiten ari da bere agerraldia.

Fiskaltzak 19,5 urte eskatzen ditu Urdangarinen aurka, uste baitu hark eta Torresek Administrazio Publikoen Kontratuen Legea urratu zutela, eta iruzurra egin zutela lankidetza-hitzarmenak erabiltzeko garaian.

Proiektuen egiletza intelektuala Torresi badagokio, Pedro Horrach fiskalak Iñaki Urdangarini hainbat ekimenen alderdi instituzionala eta komertziala egozten dio, "bezeroak lortzeko eta diru-sarrerak nabarmen areagotzeko gantxo ezin hobea baitzen".

Horren ostean, euren jabetzako enpresetara desbideratzen zituzten funtsak egin gabeko zerbitzuen fakturen truke, batzuetan bikoiztu egiten zituztenak ere. 2004 eta 2007 urteen bitartean 5,8 milioi euro eskuratu zituzten modu horretan. Torresek 2,6 milioi poltsikoratu zituen eta Urdangarinek 18, milioi, betiere Horrachen kalkuluen arabera.

Fiskalaren esanetan, langilerik ez zuten enpresak zeuden, sozietate batetik bestera leku-aldatzen zituztenak. Gainera, sozietateek euren artean fakturak trukatzen zituzten, 8 milioi euroko kopurura heldu arte. Hala dio fiskalaren akusazio-idazkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin albisteak Politika Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Gaurko azken ordukoa