Politika -

Segi

A-8an kateatzeagatik epaitzekoak ziren gazteetako bat atxilotu dute

Ertzaintzak Naroa Ariznabarreta gazte eibartarra atxilotu du. Antza denez, etxetik irten berritan senide batekin batera autoan zihoala atxilotu dute.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Naroa Ariznabarreta gazte eibartarra atxilotu du, Naiz-ek eta Berria-k aurreratu dutenez. Antza denez, etxetik irten berritan senide batekin batera autoan zihoala atxilotu dute.

Donostiako epaitegi batek hiru gazte (Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta) atxilotzea eta kartzelatzea agindu zuen atzo, ez baitziren aurkeztu horien aurka atzo egitekoa zen epaiketara.

Hain zuzen ere, 2007an A-8 autobidean kateatu eta zirkulazioa oztopatzea egotzita epaitu behar zituzten. Segiren ilegalizazioa salatzea zuen helburu ekintza horrek.

Protesta horretan Saioa Zerainek eta Asier Alberdik ere hartu zuten parte, horiek, ostera, bai joan ziren epaiketara.

Eleak mugimenduak "elkartasuna eta babesa" adierazi zien bost auzipetuei, eta horien egoera "bidegabekeria" dela salatu zuen atzo.

Plataforma horren esanetan, "disidentzia eta elkartasun eskubideak" epaitu nahi izan dituzte, eta epaileak, "Fiskaltzak babestuta", Ladron, Azkona eta Ariznabarreta atxilotzea agindu zuen.

Halaber, A-8ko ekintzarekin "euskal gazteriak antolatzeko duen eskubidea aldarrikatu" nahi izan zutela adierazi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak