Politika -

Bigarren inbestidura saioa

EAJ: '40 urte daramagu hitz politak entzuten, baina ez da nahikoa'

Esteban prest agertu da Pedro Sanchezekin negoziatzeko astelehenetik aurrera, baina, soilik Ciudadanosekin aurkeztutako akordioaren gainean ñabardurarik egitekotan.

Aitor Esteban: 'Ezin dugu txeke zuririk eman'

i.g. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen diputatuak Pedro Sanchezi ohartarazi dionez, "40 urte daramagu hitz ederrak entzuten, baina hitz politak bakarrik ez dira nahikoa" eta, gainera, "Kataluniako errealitatea eta ETAren desagerpena" kontuan hartu beharko lukeela esan dio.

Pedro Sanchezen inbestiduraren gaineko bigarren saioan egindako hitzaldian, Estebanek argi utzi nahi izan du bere alderdiak kontrako botoa emango duela, azken egunotan ez delako "inolako mugimendurik egin (Sanchezek), hortaz, EAJren aldetik ere ez".

"Gure konpromisoa egonkortasunean da. Baina zuk harriak jarri dituzu bidean, bai forman baita mamian ere", esan du bozeramale jeltzaleak. "Forman ez duzuelako errazten besteekin akordioak lortzea eta, mamian, akordioaren luzerak zailtzen duela bestelako itunik lortzea".

Aitor Estebanek, halaber, PSOEren idazkari nagusiari gomendatu dionez, "gobernurik osatzea nahi baduzu akordio horren gainean ñabardurarik egin beharko zenuke".

"Danok dakigu Estatuan arazo instituzionala dagoela, ez da soilik erabakitzeko eskubidearen edo eskumenen gaineko arazoa. Errealitateez hitz egin behar da, egunez egun harremanetan topatzen direnen errealitateez", gaineratu du.

"Ez dakit zer uste duzuen euskal errealitateari dagokionez, azpiegiturak, finantzak, hezkuntza (…) baina espero dut aipatutakoa kontuan hartzea, presidente batek horren moduko gauzak kontuan hartu behar ditu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Euzko Alderdi Jeltzalea PSOE Pedro Sánchez albisteak Eguneko albisteak