Politika -

A9ren inguruko auzia

Homsek, deklaratu ostean: 'Kereila politiko baten biktima naiz'

Presidentetza kontseilari ohia ordu eta laurdenez aritu da epailearen galderei erantzunez.

Kataluniako Gobernuko kideak lagunduta heldu da Homs auzitegira. EFE
'Kereila politiko baten biktima' dela adierazi du Homsek

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berak hala eskatuta, 2014ko azaroaren 9ko kontsultagatik deklaratu du gaur Francesc Homs Presidentetzako kontseilari ohi eta Democracia i Llibertateko (DiL) diputatuak. Ordu eta laurdenez galdekatu duen Kataluniako Auzitegi Nagusiko epaileari "kereila politiko baten biktima" dela esan dio Homsek, A9ko xehetasunak Gorenari azalduko dizkiola nabarmendu badu ere.

Fiskalaren itaunei ez die erantzun Kataluniako Gobernuko bozeramailea zenak, A9aren inguruko kereila Kataluniako subiranotasun prozesua geldiarazteko Estatuaren trikimailua dela argudiatuta.

Homs 09:14an heldu da Auzitegira, egungo gobernuko kideak eta ERC eta CDC alderdietako buruzagiak lagun zituela. Zain zituen babesa ematera joandako ehun bat herritar ere.

Artur Mas presidente ohiaren eta Kataluniako Gobernuko beste kide batzuen kontra Joan Manel Abril epaileak ikertzen duen auziaren baitan deklaratu du Presidentetzako kontseilari izandakoak. Desobedientzia delitua egotzita, haren kontrako ikerketa abiatzea eskatu zion Fiskaltzak Auzitegi Gorenari.

Ikertua foruduna den kasuetan, Auzitegi Nagusian deklaratzera bere kabuz joateko aukera aurreikusten du Legeak, eta aukera horri heldu zion Homsek berak. Izatez Gorenari dagokio auzia eramatea, aurreko gobernuaren bozeramailea Democracia i Llibertateko diputatua baita gaur egun.

Gobernuak babestuta

Kataluniako Gobernuaren ordezkaritza zabalaren babespean joan da Homs deklaratzera. Han ziren, besteak beste, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea, Oriol Junqueras Gobernuko presidenteordea, Neus Munte Presidentetza kontseilari eta bozeramailea, eta Raul Romeva, Santi Vila, Meritxell Borras, Meritxell Ruiz, Jordi Baiget eta Josep Rull kontseilariak. Xavier Trias Bartzelonako alkate ohia eta Omium eta ANC plataformetako ordezkariak ere izan ditu lagun Homsek.

Auzitegiaren atarian bildutako lagunei eskerrak eman ondoren, eraikin barrura sartu da Homs, Santiago Vidal ERCko senatari eta epailea ondoan zuela.

Homsi babesa eman ostean, Jordi Sanchez ANCko presidenteak Auzitegian bildutako kazetariei esan dienez, A9ko kontsultagatik abiatutako auzia "Estatu espainolak Kataluniako arazoari irtenbide demokratikoa emateko duen inpotentziaren adierazle argiena da". Sanchezen aburuz, "ekintza judizial hauek ez dute Estatuarekin dagoen arazoa konpontzen, ezta errazten ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Auzitegi Gorena albisteak Eguneko albisteak