Politika -

Auzitegi Nazionala

Pilarko basilikan erasoa egin izana ukatu dute bi anarkista akusatuek

Francisco Javier Solarrek eta Monica Andrea Caballerok erakunde terroristako kide direnik ukatu dute, ideia anarkisten kontrakoa delako.

Francisco Javier Solar Dominguez eta Monica Andrea Caballero Sepulveda epaiketan. Argazkia: EFE
Francisco Javier Solar Dominguez eta Monica Andrea Caballero Sepulveda epaiketan. Argazkia: EFE
Francisco Javier Solar Dominguez eta Monica Andrea Caballero Sepulveda epaiketan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013ko urriaren 2an, Pilarko basilikan, atentatua egin izana ukatu du gaur Txileko senar-emazte anarkistak Auzitegi Nazionalean. Era berean, erakunde terroristako kide direnik ukatu dute, euren ideien kontrakoa delako.

Pilarko basilikaren kontrako erasoan parte hartu ez zutela ziurtatu dute biek. Era berean, Bartzelonako Montserrat Monasterioaren aurkako beste atentatu bat prestatu izana ukatu dute. Hala ere, azkena turista gisa bisitatu zutela onartu dute.

Erakunde terroristako kide izatea ukatu dute akusatuek, ideia anarkisten aurkakoa delako: “edozein botere egiturak gizakiei kalte egiten die, askatasunari eragiten diolako”.

Zergatik diren anarkistak azaltzen hasi direnean hitza kendu die aretoko presidenteak. Konkretuki, buruzagi guztiek eta Estatuak “esplotatzaile eta lukurrenganako menpekotasuna” dakartela esan du Francisco Javier Solarrek.

44 urteko espetxe-zigorra

Zaragozako Pilarko basilikan, 2013ko urriaren 2an, eztanda egin zuen lehergailua ustez jarri zuten bi akusatuak epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean. Bakoitzari 44 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du fiskalak.

Fiskalak Francisco Javier Solar Dominguezi eta Monica Andrea Caballero Sepulvedari terrorismo delituak leporatzen dizkie. Bi anarkistak txiletarrak dira, baina Bartzelonan bizi ziren. Besteak beste, erakunde terroristako kide izatea eta Bartzelonako Montserrat basilikan beste lehergailu bat jartzeko konspiratzea egotzi die.

Behin-behineko akusazioaren arabera, biak Mateo Corral talde anarkistako kideak dira, Talde Anarkista Koordinatuen (GAC) barruan. Egitura 2012an sortu zuten, ordura arte bakarrik ari ziren talde anarkistak antolatzeko.

2013ko urriaren 2an bi akusatuak Bartzelonatik Zaragozara autobusean joan ziren, Pilarko basilikan lehergailua jartzeko, fiskalak azaldu duenez. Butano bonbona bat, bi kilo bolbora eta erloju bat zituen lehergailuak.

Zauritu bat

Lehergailua jarri eta 13:45 aldera eztanda egin zuen aldare nagusiko erdiko nabean. 26 metroko ekintza-eremu bat izan eta emakume bat belarrian zauritu zuen eztandak.

Leherketaren unean AEBetako 50 turista eta lau langile basilika barruan zeuden, baina onik atera ziren.

Kabina batetik leherketaren berri eman zioten akusatuek estetika zentro bati minutu batzuk lehenago, baina ez zioten segurtasun indarrei abisurik eman txantxa bat zelakoan. Ondoren, Mateo Morral taldeak erasoa aldarrikatu zuen webgune anarkista batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Kataluniako albisteak Bartzelona argazkiak Epaiketak albisteak