Politika -

Noos auziko epaiketa

Matasek agindu zuen Noos institutua kontratatzea, lekuko baten arabera

Hala adierazi du Balear Uharteetako presidente ohiaren kabineteko buru ohiak Noos auziko epailearen aurrean.

Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia. Argazkia: EFE
Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia. Argazkia: EFE
Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaume Matas Balear Uharteetako presidente ohiak agindu zuen kirolari eta turismoari buruzko foroak antolatzeko Noos institutua kontratatzea eta horretarako lankidetza hitzarmenaren formula baliatu zuen, Dulce Linares Jaume Matasen kabineteko buruzagi ohiaren arabera.

Gaur hasi dira lehen lekukoak deklaratzen Noos auziko epailearen aurrean eta Dulce Linares izan da lehena. Linaresek ziurtatu duenez, 2005ean eta 2006an egin ziren Illes Balears Forum bakoitzeko 1,2 milioi euro ordaindu zizkion Balear Uharteetako Gobernuak Noos institutuari eta Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek sortutako fundazioak ezarri zuen prezioa.

Illesport fundazio publikoaren bitartez bideratu ziren Gobernuaren eta Noos institutuaren arteko hitzarmenak, eta aipaturiko lekukoak Noos institutuaren kontratazioan parte hartu zuen Illesport fundazioko batzorde exekutiboko kide gisa. Azaldu duenez, foroen kostua "garestia" iruditu zitzaion, baina erabakia Jaume Matasi eta Jose Luis "Pepote" Ballester Balear Uharteetako Kirol zuzendari orokorrari zegokien.

Linaresek epailearen aurrean esan duenez, Jaume Matasek Noos institutuarekin lankidetza hitzarmena sinatzea eta akordioa Illesport fundazioaren eta Ibatur Balear Uharteetako Turismo Institutuaren bitartez finantzatzea agindu zuen 2005. urtearen hasieran.

Lekukoaren hitzetan, Illesport Fundazioa behin bakarrik elkartu zen, hain zuzen ere, batzar eratzailea egin zenean. Dena den, egin ez ziren bileren aktak egin zirela ziurtatu du. Ildo horretan, adierazi du Ballesterrek aurkezten zituela gai garrantzitsuen gaineko erabakiak batzorde exekutiboan, Matas presidentearen babesa zutela argudiatuta.

Dulce Linaresen esanetan, Urdangarinek eta Torresek aurkeztu zioten Illes Balears Forum proiektua Jaume Matasi eta haren gobernuko beste hainbat goi karguduni eta presidenteak berehala onartu ei zuen proiektua.

Illes Balears foruaren bigarren edizioa egin zenerako Iñaki Urdangarin Noos institututik at zegoen, alabaina, xehetasun horren berri ez zekiela eta foruaren prezioa eta baldintzak institutuak berak finkatu zituela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñaki Urdangarin Politika albisteak Gaurko azken ordukoa