Politika -

Ciudadanos Euskadi

Polemika EAEko Ciudadanosen, sei militante kanporatu eta gero

Espiotza politikoa salatu zuen batzarkidea eta diskriminazioa salatu zuen hautagai gorra daude kanporatutakoen artean.

EAEko Ciudadanosek egotzitako batzarkidea, Miguel Angel Carrera. EiTB
EAEko Ciudadanosek egotzitako batzarkidea, Miguel Angel Carrera. EiTB
EAEko Ciudadanosek egotzitako batzarkidea, Miguel Angel Carrera. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Ciudadanosek sei pertsona kanporatu ditu alderditik astearte honetan: kargudun publiko bat, bi hautagai eta hiru militante.

Kargudun publikoa Miguel Angel Carrera Arabako batzarkidea da, hau da, "espioitza politikoa eta datuak ostea" egotzita zenbait alderdikideren aurka salaketa aurkeztu zuen pertsona da Carrera.

Ciudadanosek agiri batean azaldu duenez, batzarkide horren portaera "ez dator bat alderdi birsortzaile eta demokratiko baten eskakizunekin".

Nicolas de Miguel Ciudadanosek Euskadin duen buruaren esanetan, kanporatzea "falta oso larria" egin duen bati ezar dakiokeen "zigor zorrotzena" da, estatutuen arabera.

Hori horrela, alderdiak bere estatutuak betetzen dituela eta horrela "gardentasuna eta birsortze demokratikoa bermatu" nahi dituztela gaineratu du.

Miguel Angel Carrerak salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzan eta Gasteizko epaitegi batean hiru alderdikideren aurka, espioitza politikoa leporatuta. Izan ere, antza denez, bere sakelako telefonoan sartu ziren, eta, han topatutako informazioaren ondorioz, zazpi afiliaturi espedientea ireki zieten.

Otsailaren 2an, Carrera bi alderdikiderekin bildu zen Arabako Batzar Nagusietan. Une batean, bulegotik atera zen, baina sakelako telefonoa bertan utzi zuen eta bi alderdikideek, ustez, "informazio pertsonala eta sekretua" ostu zioten.

Alderdikideek argazkiak atera zituzten Whatsapp talde bateko komentarioei, eta, horren ondorioz, espedientea ireki zieten zazpi militanteri.

Albert Rivera buru duen alderdiak hiru ordezkari ditu EAEn: Miguel Angel Carrera bera eta bi zinegotzi (Santiago Sainz, Getxon, eta Jose Antonio Mateo, Laguardian).

Kanporatutako beste bat Henar Pascual Kongresurako zerrendako Bizkaiko burua da, hots, mehatxuak eta diskriminazioa egotzita De Miguel bera eta Borja Gonzalez delegatuordea salatu zituen hautagai gorra.

Antza denez, hau esateagatik jarri zuen salaketa Pascualek De Miguelen aurka: "Emakume honek ezin du hitz egin; mikrofono bat aurrean jarriz gero, honek beldurrezko pelikula bat ematen du". Esaldi hau esatea ere egotzi dio: "Ciudadanos jendaurrean hitz egiten dakiten pertsona ederrek osatzen duten alderdia da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Salaketak bideoak Ciudadanos Albisteak Espioitza