Politika -

epaiketa

'Urdangarinek eta Torresek dirua bideratzen zuten haien enpresetara'

Tejeiro Nooseko kontulariak deklaratu duenez, "Noos Institutuak jasotzen zuen dirua euren sozietateetara bidaltzen zuten, gehien bat ekitaldi amaierako egiaztagiriak nahasita".

Tejeiro, fiskalaren galderei erantzuteko unean. EFE
Tejeiro, fiskalaren galderei erantzuteko unean. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Tejeiro Noos Institutuko aholkulari kontulariak Palmako Auzitegian egindako deklarazioan adierazi duenez, Iñaki Urdangarinek eta Diego torresek "Noos Institutuak jasotzen zuen dirua euren sozietateetara bidaltzen zuten, gehien bat ekitaldi amaierako egiaztagiriak nahasita". "Badakit  euren artean egiaztagiriak egiten zituztela dirua haien sozietateetara bidaltzeko".

Tejeirok lekuko gisa deklaratu du gaur Noos auzia epaitzen ari den 16. saioan. "Horrela heltzen zitzaien dirua enpresen jabeei, Diegori eta Iñakiri, euren zereginetarako… poltsikoratzeko hain zuzen", gaineratu du.

Tejeiroren arabera, urte amaieran "egiaztagiri asko egon ohi ziren" taldeko sozietateen artean, Urdangarinen eta Torresen artean erdibana banatzeko. "% 50 jasotzen zuen bakoitzak", baieztatu duenez.

"Langile faltsuak"

Luis Tejeiroren arabera, Iñaki Urdangarinek eta Diego Torresek langile faltsuak zituzten kontratatuta onura fiskalak lortze aldera.

Gainera, Marco Antonio Tejeiro anaia eta bazkideak esandakoa berretsi du, horrenbestez, Luis Tejeirok. Haren hitzetan, eramailearentzako txekeen bitartez kudeatzen zituzten nominak, Urdangarinek eta Torresek txeke horiek dirutan kobra zitzaten.

Pedro Horrach fiskalaren galderei erantzunda aitortu duenez, bera ere kontratatu zuen Noosek, baina ez zuen behin ere kobratu, Torresen "mesedetan".

"Kontu guztiak berak kontrolatzen zituen, azken zentimoraino", esan du Tejeirok Diego Torres hizpide hartuta.

Tejeiro anaia-arrebak jomugan izan dituzte Urdangarinek eta Torresek, kontularitza euren esku zegoela argudiatu baitute. Hain justu, kontrakoa deklaratu du Tejeirok.

Torresek eta Urdangarinek ematen zuten langile faltsuok kontratatzeko agindua, batez ere lehenengoaren esku zegoela nabarmendu du kontularia izandakoak. Argudiatu duenez, Torres arduratzen zen Noosen kontularitzaz eta langileen eta zergen gaineko aferez.

Langile faltsuen soldata "Noos Institutuaren jabeek, Diegok, eta gerora, Iñakik, jasotzen zuten", argitu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Noos auzia Berriak Politika Espainia albisteak Gaurko azken ordukoa