Politika -

Alkateen topaketa

Hizkuntzaren baitako indarkeria maila jaistea defendatu du Carmenak

'Udalerriak eta udalak gerren aurrean' izenburupean egin den topaketan Donostiako, Madrilgo, Granollerseko, Errenteriako eta Tuterako alkateek parte hartu dute.

Madrilgo alkateak parte hartuko du bakearen aldeko alkateen topaketan. Artxiboko argazkia: EiTB
Madrilgo alkateak parte hartuko du bakearen aldeko alkateen topaketan. Artxiboko argazkia: EiTB
Udalek kanpokoak integratzeko ardura dute, bakearen alde egiteko

1:24

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuela Carmena Madrilgo alkateak lengoaiaren baitan dagoen indarkeria maila jaistea defendatu du, batez ere "eztabaida politikoan". "Gure jarrerak adibide izan daitezke eta elkar ulertzen bagara, indarkeriarik gabeko elkarbizitzarako aurrekontua handituko dugu", gaineratu du. Are gehiago, gerra kontzeptua indarkeriarengatik aldatzea proposatu du, haren esanetan, gerra hitzak jokabide permisiboagoak ahalbidetzen dituelako.

"Indarkeria ez da gripearen birusaren parekoa, jarrera bat da. Portaera hori hartzen dutenen arabera, posible da hilketen eta zapalketen bitartez helburuak lortzea", azpimarratu du. Ildo horretan, gizateria elkar ulertzera kondenatuta dagoela gaineratu du.

Carmenaren esanetan, indarkeria "ekintza indibidual" gisa ulertu behar da, "erlijioetan, alderdietan edota ideologietan" mozorrotu gabe.

Gerraren kontrako eta bakearen aldeko alkateen mahai-ingurua egin dute gaur goizean Donostian, "Udalerriak eta udalak gerren aurrean" izenburupean, Donostia 2016k antolatuta egiten ari diren Stop War Festibalaren baitan. 11:20an hasita eta pare bat ordu inguruz Donostiako udaletxean elkartu dira Manuela Carmena Madrilgo alkatea, Eneko Larrarte, Tuterakoa; Julen Mendoza, Errenteriakoa; Josep Maioral y Antigas, Granollersekoa eta "Mayors for Peace" erakundeko presidenteordea; eta Eneko Goia, Donostiakoa.

Iratxe Momoitiok gidatu du mahai-ingurua eta bertan gerrari nola aurre egin eztabaidatu dute; zehazki, gerra eta gatazken kontra udalek eta hiriek zer egin dezaketen, mundu mailako arazo bati ikuspuntu lokala emanez.

Biolentziaren birus horiei aurre egitearen garrantzia nabarmendu du Carmenak eta arlo horretan Europar Batasunaren jarrera kritikatu du, haren esanetan, esku hartzea hitz ematen duelako, baina esandakoa betetzen ez duelako. Ildo horretan, biolentziaren kontrako jokabide orok legezkotasunean oinarritua izan behar duela azpimarratu dute parte-hartzaile guztiek.

Eneko Goia alkate donostiarrak, bestalde, memoria historikoa aldarrikatu du Europar Batasunaren sorreraren atzean dauden baloreak berreskuratzeko. Haren hitzetan, Europar Batasunak "ahaztu" egin du Bigarren Mundu Gerran gertatutakoa eta hori "arrisku handia da". Ildo horretan, gaineratu duenez, Europako Kultur Hiriburutzak baloreak berreskuratzeko aukera eskaintzen dio Donostiari: "Zubiak eraiki eta ateak ireki beharrean harresiak altxa eta mugak azpimarratzen dituen kontinente bateko hiriburu izateko erronka du Donostiak eta hori dela eta, ezin diogu muzin egin oinarrizko baloreak aipatzeari".

Gainera, hezkuntza elkarbizitza eraikitzeko oinarrizko tresna dela uste du Goiak eta iraganean gertaturikoa ez errepikatzeko memoria historikoa berreskuratzeko deia egin du.

Bestalde, udalek protagonismoa hartu behar dutela eta biolentziari aurre egiteko udalen arteko sare bat sortzea proposatu dute parte-hartzaileek. .

Topaketa hasi aurretik Donostia 2016ko zuzendaritzak Europako balioen eta identitateen krisiari buruzko deklarazio bat irakurri du.

"Zubiak eraiki eta ateak ireki beharrean, hormak egin eta mugak azpimarratzen dituen kontinente baten Europako kultur hiriburua izatearen erronka du esku artean Donostiak. Beraz, ezin du galdu elkartasun inklusibo eta justu batean oinarrituriko batasunaren oinarrizko balioen alde egiteko aukera hau", Donostia 2016ko zuzendaritzatik azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Eneko Goia argazkiak Tutera argazkiak Donostia 2016 argazkiak Errenteria albisteak Gaurko azken orduko albistea