Politika -

Aberri Egunaren bezpera

Aberri Eguna eta nazio aldarrikapena lotuta doaz, Ortuzarren arabera

Andoni Ortuzarrek ziurtatu duenez, jeltzaleek begi onez hartu dute abertzale ez direnek ere Aberri Eguna ospatzea.

Andoni Ortuzar buruzagi jeltzaleak Aberri Eguneko ekitaldietan parte hartzeko deia egin du. EFE
Andoni Ortuzar buruzagi jeltzaleak Aberri Eguneko ekitaldietan parte hartzeko deia egin du. EFE
EAJ Bizkargira igo da Aberri Egunean parte hartzeko deia egiteko

2:53

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak Aberri Eguna ospatzeko deia egin die euskal herritar guztiei eta nabarmendu du jeltzaleentzat ez duela zentzurik nazio aldarrikapenik gabeko Aberri Egunak, hots, Euskadi nazioa dela berretsi gabe.

"Guretzat Aberri Eguna eta Euskadi gauza bera dira, lotuta dauden hiru hitz dira; ez dugu nazio aldarrikapenik gabeko Aberri Egunik irudikatzen, hots, Euskadi gure nazioa dela aldarrikatu gabe. Zaila iruditzen zaigu bi nazio dituzten pertsonak egotea, baina ikuspuntu guztiak errespetatzen ditugu", azaldu du.

Ortuzarren esanetan, jeltzaleek begi onez hartu dute abertzale ez direnek ere Aberri Eguna ospatzea, Ahal Duguri erreferentzia eginez. Ildo horretan, aitortu du jeltzaleei zaila iruditzen zaiela bi nazio dituzten pertsonak izatea, baina errespetatu egiten dutela.

Aberri Egunaren bezperan urtero egin ohi duten bezala, jeltzaleak Bizkargi mendira igo dira Aberri Eguneko ekitaldietan parte hartzeko deia egitera. Ortuzarren hitzetan, "ospakizun eta aldarrikapen" eguna izango da biharkoa.

EAJk Bilboko Plaza Barrian egingo du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia bihar, igandea, 11:30etik aurrera "Bultzada Berri Bat" lelopean. "Euskadiri bultzada berri bat eman behar zaio, euskal autogiobernuari bultzada berri hori eman behar zaio", azpimarratu du.

Bestalde, "euskarri sendoetan" oinarritutako euskal autogobernuaren alde hitz egin du. "Euskadi nazio bat da eta nazio gisa eskubide politiko batzuk ditu: lehena, bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea; gero, Estatuarekiko harremana, aldebikotasunean, berdintasunean oinarrituta egon behar duena", azaldu du.

 

.

 

.

 

.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Azken ordukoa Bizkaia Andoni Ortuzar albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Aberri Eguna gaur Albisteak