Politika -

ARMIARMA OPERAZIOA

Hamalau pertsona atxilotuta, sarean terrorismoa goratzeagatik

Antsoainen eta Amurrion izan dira bi atxiloketa. Gainerakoak, Bartzelonan, Murtzian, Madrilen, Coruñan, Pontevedran, Tarragonan, Valentzian, Alacanten eta Granadan.

 

Amurrion atxilotutako gaztea Bilbora eraman duten unea. EFE.
Amurrion atxilotutako gaztea Bilbora eraman duten unea. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamalau lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak, gaur, sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita. 2014ko maiatzean abiatutako Armiarma IV operazioaren jarraipena da, Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Antsoainen (Nafarroa) eta Amurrion (Araba) egin dituzte bi atxiloketa, eta gainerakoak, Bartzelonan, Murtzian, Madrilen, Coruñan, Pontevedran, Tarragonan, Valentzian, Alacanten eta Granadan.

Batez ere, Facebook eta Twitter sareetan zabaldutako edukiengatik egin dituzte atxiloketok, Barne Ministerioak zabaldu duenez. "Talde terroristak goratu eta terrorismoaren biktimak iraindu dira eduki horietan", ikertzaileen arabera.  Iturri horiek gaineratu dutenez, "herritarren kolaborazioa ezinbestekoa" izan da ikerketan.

Auzitegi Nazionaleko Instrukzio Epaitegiko 6. salak zuzendutako operazioa, oraindik, zabalik dago, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egotea.

Armiarma IV operazioa 2014ko maiatzean jarri zuen abian Guardia Zibilak; orduan, 40 pertsona atxilotu zituzten. Iazko maiatzean ere, 16 lagun hartu zituzten preso, operazio berean, terrorismoa goratzea eta terrorismoaren biktimak umiliatzea leporatuta.

Aurreko faseetan atxilotutako horietatik 20 bat epaitu dira, eta gehienei urtebete eta bi urte arteko espetxe zigorra ezarri zaie.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Eguneko albisteak Eguneko albisteak