Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Mendia: 'Hauteskundeen ostean inork ez du lortuko gehiengo osoa'

Ordezkari sozialistak esan duenez,  ekainaren 26ko hauteskunde orokorren ostean, Espainiako alderdiek hitzartu beharko dute Gobernua osatzeko.

Idoia Mendia, gaur, Radio Euskadin.
Idoia Mendia, gaur, Radio Euskadin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gaur ohartarazi duenez, joan den abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan gertatu zen bezala, datozen hauteskundeetan ez da gehiengo osorik izango eta horren harira, akordioak lortzeko asmoz, PSOEk alderdiei berriro "eskua luzatuko" diela esan du.

Mendia Radio Euskadiko Boulevard saioan izan da gaur goizean. Bertan, datozen ekainaren 26ko hauteskundeetan parte hartzeko deia egin die herritar guztiei, eta eskatu du "ez dadila inor etxean gelditu" bestela "eskuineko politikak gailenduko dira berriro".

Mendiaren ustez, abenduaren 20ko hauteskundeetan argi gelditu zen alderdien jokabidea, besteak beste, Podemos alderdiarena. PSE-EEko idazkari nagusiaren ustetan, "eskuineko politikei aurre egitea baino PSOEri irabaztea izan da" Podemosen estrategia, eta "hori tamalgarria da, jende askoren itxaropenak zapuztu" direlako, esan du.

PSEOren barne egoeraren eta Pedro Sanchez idazkari nagusiaren hautagaitzaren harira Mendiak esan du "sozialistek erabateko leialtasuna" dutela eta, hauteskundeak irabazteko asmoz, "Sanchezengan eta bere exekutibarengan gehiago areagotu" direla gaineratu du.

Sanchez PSOEko Idazkaritza Nagusi kargura aurkeztuko dela berretsi du Mendiak eta, ildo horretan, beste hautagairen bat balego "txarra" ez dela esan du, "ohituta baikaude lehiara".

Eduardo Madinaren inguruan, Mendiak esan du onartu egin duela Madrilgo zerrendan zazpigarrena izatea, eta bere garaian Arabako zerrendaburu izatea proposatu ziola azaldu du, baina Madinak ukatu egin zuela aitortu du. "Keinua eskertu zidan baina ezetz esan zidan, Bizkaiko zerrendan ez bazegoen nahiago zuela Madrilgoan joatea", azaldu du.

EAEko hauteskundeei dagokienez, "azken egunera arte" lan egiteko eskatu dio Mendiak Urkullu lehendakariari, Euskadiren arazo "larriak" konpontzeko, besteak beste, altzairugintzari dagokiona.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak PSOE Hauteskunde orokorrak Espainian Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea Aldaketa PSOEn albisteak Alderdi politikoak bideoak