Politika -

Ekainaren 26ko bozak

Podemosekin koalizioa osatzeari buruzko galdeketa IUk, gaurtik hasita

Honako galderari erantzun beharko diote militante eta jarraitzaileek: Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan Podemosekin eta beste indar batzuekin koalizioan joatea onartzen al duzu?

IU bakarrik aurkeztu zen abenduaren 20ko hauteskundeetan. EFE
Alberto Garzon. EFE
IU bakarrik aurkeztu zen abenduaren 20ko hauteskundeetan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan Podemosekin eta beste indar batzuekin koalizioan aurkeztearen inguruko galdeketa dute Izquierda Unida (IU) alderdian maiatzaren 2 honetatik hasita.

Gaur hasi eta maiatzaren 4an bukatuko da kontsulta. Alderdiko 70.000 militante eta jarraitzaileek honako galderari erantzun beharko diote: "Ekainaren 26ko hauteskunde orokorretan Podemosekin eta beste indar batzuekin koalizioan joatea onartzen al duzu?".

Asteazkenean Pablo Iglesiasen alderdiarekin negoziatzea onartu zuen IUko Presidentetza Exekutibo Federalak. Cayo Larak zuzentzen duen alderdiak hainbat "baldintza" jarri ditu koalizioan joateko: IU eta Podemos "indar politiko ezberdinak" direla onartzea, biak ikusgai izatea, eta "bien identitate propioa eta programa eta buruzagiak errespetatzea".

Lehenengo bi egunetan (maiatzaren 2-3) internet bidez bozkatu ahalko da Izquierda Unidaren webgunean, eta maiatzaren 4an, aurrez aurre, beren-beregi prestatutako tokietan. Hiru erantzun posible izango dira: 'Bai', 'Ez' eta 'zuri'.

Dena dela, emaitza IUko Batzorde Politiko Federalak berretsi beharko du maiatzaren 7an egingo duten bilera batean.

Garzón: 'Zerrendetan dudan tokia bigarren mailako kontua da'

Alberto Garzon IUko buruzagiak nabarmendu duenez, ekaineko hauteskundeetan koalizioko zerrendetan berak hartuko lukeen tokia "bigarren mailako kontua" da, bere asmoa Madrileko zerrendan joatea dela onartu duen arren.

Cadena Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean zerrendetan duen tokiari garrantzia kendu dio Garzonek, eta gai hori, balizko "akordioaren azken unean" erabakiko dutela zehaztu du.

"Nik ez dut blokeorako elementu moduan hartzen. Eskuzabalak izan behar gara, bai Podemosekoak zein IUkoak, eta eskuzabaltasun hori hainbat arlotan igarri beharko da. Negoziazioaren azken fasean eztabaidatuko dugu", argitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Izquierda-Ezkerra Podemos bideoak