Politika -

UPN-PP akordioa

UPN eta PP batera berriro, hauteskunde orokorretan

Mariano Rajoyk eta Javier Esparzak ekainaren 26ko hauteskunde orokorretara berriro batera aurkezteko akordioa berritu dute gaur.

UPN eta PP batera aurkeztuko dira berriro hauteskunde orokorretara. Argazkia: EiTB.
Hauteskundeetarako koalizioa berritu dute Rajoyk eta Esparzak

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPNk eta Alderdi Popularrak akordioa lortu dute berriro datozen ekainaren 26ko hauteskunde orokorretara hautagaitza berean aurkezteko. Akordioa gaur goizean sinatu dute, Iruñean, Mariano Rajoy PPko presidenteak eta Javier Esparza UPNko presidenteak.

Hitzarmena Iruñeako Hiru Erregeen hotelean sinatu dute, abenduaren 20ko hauteskunde orokorretarako aurreko akordioa sinatu zuten toki berean.

Era berean, aurreko hitzarmenaren baldintzak mantentzen dira; hau da, Diputatuen Kongresurako zerrendan lehendabiziko bi hautagaiak UPNrenak izango dira; Senaturako hautagaitzan, berriz, popularrak izango dira zerrendaburu.

Horrez gain, UPNk konpromisoa hartu du balizko inbestidura saio batean Alderdi Popularraren presidentegaiari babesa emateko. Bestalde, PPk laugarren xedapen iragankorra deuseztatzeko konpromisoa hartu du Konstituzioaren erreforma egitekotan. Era berean, foru erregimena eta hitzarmen ekonomikoa  defendatuko lukete popularrek Gobernura heltzekotan.

Javier Esparzaren hitzetan, abenduaren 20ko akordioa "erabat arrakastatsua" izan zen, horri esker Nafarroako alderdi nazionalistek ez baitzuten ordezkaritzarik lortu Kongresuan.

"Ezberdintasunetik baina leialtasunez eta elkarrekiko begirunez" bi alderdiek hitzarmena berriro sinatzeko "gaitasuna erakutsi" dutela esan du Esparzak.

Bestalde, Mariano Rajoyk ekitaldiaren ostean adierazi duenez, Espainiak "konfiantzazko Gobernua behar du". Ildo horretan, "amateurrentzako edo Gobernura ikastera etortzeko garaiak" ez direla gaineratu du presidentegaiak.

Laugarren xedapen iragankorra

Espainiako Gobernuko presidenteak babesa agertu dio Foru Hobekuntzari, "Nafarroako herritarren borondatearen adierazpen argia" baita. Halaber, Konstituziotik Laugarren Xedapen Iragankorra (EAE eta Nafarroa lotzeko prozedura arautzen duena) kentzeko konpromisoa agertu du.

Bere aldetik, Esparzak esan du akordio horrekin "indartsuagoak" izango direla "Nafarroa foruduna eta espainiarra" izatea babesteko. Horren ildotik, "Xedapen Iragankorrik gabeko eta Itun Ekonomikoa duen Nafarroa bat" nahi dutela aldarrikatu du.

"Lauko Gobernuaren 10 hilabete hauetan, zergak igo dizkigute, langabezia handiagoa dugu, enpresaburuen konfiantzak behera egin du, ingelesezko irakaskuntza gelditu egin da eta Nafarroa EAEko probintzia bihurtzeko ibilbide orria inposatu nahi izan digute", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Mariano Rajoy UPN Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Hauteskundeak