Politika -

Sententzia

Arraizi bi urteko espetxe-zigorra ezarri dio EAEko Auzitegi Nagusiak

Sortuko presidentea ez da kartzelan sartuko, baina legebiltzarkide izateari utziko dio.

Arraizek hainbat buruzagi politikoren babesa izan zuen, tartean Andoni Ortuzarrena. Argazkia: EFE
Arraiz, EAEko Auzitegi Nagusian. Argazkia: EFE
Bi urteko kartzela eta kargu publikoak betetzeko inhabilitazioa

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideari bi urteko espetxe-zigorra eta kargu publikoan aritzeko debeku berezia ezarri dizkio EAEko Auzitegi Nagusiak, Juan Calparsoro Euskadiko fiskal nagusiak eta Iñigo Iruin abokatuak adostu bezala. Epaia astearte honetan eman du jakitera Auzitegiak.

Arraiz 2007ko urrian atxilotu zuten Seguran (Gipuzkoa), ezker abertzaleko beste buruzagi batzuekin batera. ETAko kide izatea leporatu zieten denei, eta 04/08 sumarioan auzipetu zituzten. Arraiz foruduna denez, EAEko Auzitegi Nagusian epaitu behar zuten.

Hain justu, maiatzaren 9an egin zuten Sortuko buruzagiaren kontrako epaiketa. Fiskaltzak eta defentsak erdietsitako akordioari jarraiki, leporatutako delituak bere gain hartu zituen Arraizek. Trukean, hasierako zigor eskaera jaitsi zuen fiskalburuak. Horren arabera, Arraiz ez zen kartzelan sartuko, baina legebiltzarkide izateri utzi beharko zion, eta bi urtez, ezingo zuen hautagai izan.

Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salako presidenteak eta Roberto Saiz eta Nekane Boladok osatzen duten epaimahaiak bi urteko zigorra ezarri dio, horrenbestez, Arraizi.

Kargu publikoan aritzeko debeku bereziari dagokionez, honako esparruetan ezarriko diote: udal, foru, autonomiko, Estatu eta Europa mailan.

19 orrialdeko epaian, Arraizi erakunde armatuko kide izatea egozteko erabilitako argudioak azaldu ditu epaimahaiak. Kasazio errekurtsoa aurkez daiteke epaiaren kontra.

Herri akusazioak ez du helegiterik aurkeztuko

Hain zuzen, epaiaren kontrako errekurtsorik aurkeztuko ez dutela iragarri dute AVT eta Dignidad y Justicia elkartek.

Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak azaldu duenez, "esperotako" epaia da gaur EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa, "gaur egun Justiziak darabilen ildotik doana".

Porteroren esanetan, buru duen elkarteak "ez du errekurtsoa aurkezteak ekarriko dituen kostuak bere gain hartuko, jakinda irabazteko aukerarik ez dugula". "Jurisprudentziak oso argi utzi du gaia", argudiatu du.

Ildo beretik mintzatu da Antonio Guerrero AVTko abokatua ere. Epaia esku artean ez duela ohartarazi badu ere, "printzipioz" errekurrituko ez dutela esan du Guerrerok. "Zigorrak baloratzeko modu bat da, eta zaila da halakoetan irabaztea", esan du.

Aldeen arteko akordiorik ez

Ahozko saioa saihestea bazegoen, auzi beragatik Auzitegi Nazionalean epaitu behar zituzten ezker abertzaleko 35 buruzagiekin gertatu zen bezala, baina, kasu honetan herri akusazioak ituna baztertu zuten.

Arraizen epaiketan, 10 urteko zigorra eskatu zuten AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek. AVTko abokatuak, dena dela, bost urteko espetxe-zigorra planteatu zuen, bidegabeko luzatzea egotzita.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Sortu Hasier Arraiz Epaiketak argazkiak EH Bildu Araba Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak