Politika -

Txostena

ETAk 11 ertzain hil zituen 1990 eta 2011 bitartean

Epe horretan, polizia autonomikoaren kontrako 1.300 kale indarkeria ekintza zenbatu ditu Deustuko Unibertsitateak egindako txostenak.

Ertzainak
Ertzainak
ETAren indarkeriak 15 ertzain hil zituen 2011 urtera arte

1:48

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza "ETAren mehatxu zuzena jasan zuen kolektiboa izan zen", Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egindako txostenean agerian geratzen denez.

Unibertsitateak Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren enkargua jaso zuen 2015ean, eta 1999 eta 2011 bitartean polizia autonomikoak eta agenteen senitartekoek jasandako sufrimendua aztertu du gaur Bilbon aurkeztu duten ikerketak.

Txostenaren arabera, aztertutako epean 11 ertzain hil zituen ETAk. Horrez gain, polizia autonomikoaren kontrako 23 atentatu eta kale indarkeriaren 1.300 ekintza izan ziren (gogorrenak, 1995ean, 1997an, 2001ean eta 2008an).

Ikerketan datu kuantitatiboak zein hainbat biktimaren testigantzak bildu dituzte. Erakunde armatuak "ertzainei eta beren senideei eragindako sufrimendu bidegabea" aitortu nahi du txostenak. 

"Lan honen bitartez, ertzainei eta beren senideei adierazi nahi diegu ezagutu dugula zer sufrimendu jasan zuten, bidegabekeria hura aitortzen dugula, eta errekonozimendu hori, txosten honen bidez, dagoeneko memoriaren eraikuntzan txertatuta dagoela", esan du Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak prentsaurrekoan.

Fernandezekin batera, honakoak izan dira agerraldian: Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, txostenaren egileak eta Txema Lanzagorta ASERFAVITE Ertzain eta Terrorismoaren Biktimen Senideen Elkarteko kidea.

'Isolamendu soziala'

Jose Ramon Itxaurbe Deustuko Unibertsitateko irakaslea da txostenaren egileetako bat. Gaur plazaratutako lanean jaso dutenez, ertzainek pairatzen zuten mehatxua "egunerokoa eta etengabea" izan zen, eta haien familietara ere zabaldu zen mehatxua.

Euren burua "ikusezin bihurtzea" zen mehatxuei aurre egiteko ertzainek hartzen zuten aurreneko neurria, eta "isolamendu soziala" nabarmendu du txosten horrek. Bizilekuz aldatzea, antsietatea edota herriko ohituretan ez barneratzea ere "ohiko sintomak" ziren ertzainen artean.

Segurtasun sailburuaren arabera, agenteen sufrimendua "handia eta zabala" izan zen, baina, hori horrela izan bazen ere, ertzain gehienek ez ziotela euren betebeharrari uko egin nabarmendu du.

Ertzainen lekukotzak jasotzen dira txostenean. Horietako batek honela azaltzen du bere bizipena: "Gizon gris eta ikusezina bihurtzea izan zen nire estrategia. Inori ezer ez esan; ez nora noan, ez nondik natorren, ez non nagoen une jakin bakoitzean... Autoa eta telefonoa etengabe aldatzen nituen…".

Intxaurbek gehitu duenez, mehatxua familietara hedatu zenean, areagotu egin zen ertzainen "barkartzea eta antsietatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza berriak ETA albisteak Deustuko Unibertsitatea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimak Gaur