Politika -

Kutxabank auzia

Errugabea dela berretsi du Mario Fernandezek, baina epaiketa egingo da

Ahozko epaiketa zabaltzea erabaki zuen epaileak. Inputatuek erabaki horren aurkako helegiteak aurkeztu zituzten, baina Bizkaiko Lurralde-auzitegiak atzera bota ditu orain.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. Artxiboko irudia: EFE
Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia. Artxiboko irudia: EFE
Mario Fernandez, kutxabankeko buru ohia, akusatuen aulkian eseriko da

1:12

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Magistratuak ahozko epaiketa zabaltzeko erabakia hartu zuen ‘Kutxabank auzian’. Erabaki horren kontrako helegiteak aurkeztu zituzten, besteak beste, Mario Fernandez bankuko presidente ohiak. Errugabea dela berretsi eta autoa kritikatu du gaur Fernandezek.

Instrukzioa otsailean bukatu zuen epaitegiak, eta inputatuen kontrako ahozko epaiketa prestatzeko prozedurarekin jarraitzea erabaki zuen; Mario Fernandez, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohia eta Rafael Alcorta abokatua.

Administrazio desleiala, bidegabe jabetzea eta agiriak faltsutzea leporatzen die epaileak. Cabiecesek ustez 240.000 euro baino gehiago jaso zituen hiru urtetan Kutxabanken eskutik, Rafael Alcortak zuzentzen duen abokatu-langelatik bankuarentzako ustez egindako lanengatik.

Magistratuaren erabakiaren aurkako helegiteak aurkeztu zituzten akusatuen defentsek, baina Bizkaiko Auzitegiak atzera bota ditu orain. Honenbestez, ahozko epaiketa izango da.

Auzitegiaren autoa jaso ondoren, bere zintzotasuna berriro nabarmendu du Mario Fernandezek agiri batean. “Salaketaren jatorria Cabieces jaunak egin ez zituen lanen truke ordaindutakoan zegoen. Zerbitzuko arduradunaren eta beste lekuko batzuen testigantzak entzun ondoren, soldata neurrigabea izan dela diote orain”, azaldu du Kutxbankeko presidente ohiak.

Nolanahi ere, ebazpen judizialarekiko errespetua agertu du Fernandezek. BBKko presidente bezala lehenengo, eta Kutxabankeko buruzagi gisa ondoren, eman zituen ia sei urteetan jokabide “guztiz zintzoa” izan zuela esan du Mario Fernandezek, “duela urte eta erdi esan bezala”. Zentzu horretan, “Kutxabanken interesak beti nagusitu dira”, ziurtatu du.

“Zentzugabekeria”

Bizkaiko Lurralde-auzitegiaren erabakiaren ostean, orain “fase berri bat” hasten dela adierazi du: “ahozko epaiketa, irekia, gardena, non zentzugabekeria honetako aktore eta gidoilari guztiek euren erabakiak eta interesak publikoki defendatu beharko dituzte”.

“Epaiketara joango gara eta egia esateko, prozesuaren ondoren, nire errugabetasuna argi eta garbi utzi nahi dut”, ziurtatu du.

Instrukzio osoan zehar aurkeztutako frogek kontuan hartu ez dituztela salatu du Mario Fernandezek autoaren berri izan ondoren; izan ere, “Kutxabanken salaketan eta fiskalaren idatzian oinarritu dira bakarrik”. Inputatuen “defentsa-gabezia” agerian geratu dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Ustelkeria politikoa gaur