Publizitatea
X

Irratia zuzenean

EiTB Focus ekaina: EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak

Politika

EiTB Focus

EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak; EH Bildu, bigarren

eitb.eus

2016/06/17

EiTB Focus makroinkestaren arabera, EAJk 27 legebiltzarkide lortuko lituzke; EH Bilduk, 17; Elkarrekin Ahal Duguk, 14; PSEk eta PPk, 8na; eta Ciudadanosek, bat.

  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

EAJk irabaziko lituzke udazkenean egitekoak diren EAEko hauteskundeak, duela lau urte lortutako 27 legebiltzarkideei eutsita. Bigarren lekuan EH Bildu izango litzateke, 17 ordezkarirekin, hirugarrenari, Elkarrekin Ahal Dugu koalizioari, hiru diputatuko aldea aterata, ekaineko EiTB Focus inkestaren arabera.

Hori horrela, EAJk goranzko joeran jarraituko luke, botoen % 37,2 jasoko bailituzke, hau da, maiatzean aurreikusitakoa baino 1,7 puntu gehiago, eta 2012ko hauteskundeetan eskuratutakoa baino 2,6 gehiago.

EH Bilduk ere gora egingo luke, aurreko hilabeteetako inkestekin alderatuta, eta handitu egingo luke Elkarrekin Ahal Dugurekiko aldea, apirilean bien arteko berdinketa teknikoa aurreikusten bazen ere. Hain zuzen ere, koalizio abertzaleak botoen % 21,3 eta 17 parlamentari izango lituzke, duela lau urte baino lau gutxiago, baina maiatzeko inkestan baino bat gehiago.

ESERLEKUEN ESTIMAZIOA EUSKADIN 16 06 2016 18 43

Hirugarren lekuan Podemosen eta Ezker Anitzaren arteko balizko koalizioa izango litzateke. Botoen % 18,2 eta 14 eserleku eskuratuko lituzke, eta 3,3 puntu galduko lituzke apiriletik.

BOTO ASMOA 16 06 2016 17 40

PSE-EEk ere beheranzko joera mantenduko luke, aurreko ikerketetan bezala, eta botoen eta legebiltzarkideen erdiak galduko lituzke. Zehazki, boto-emaileen % 10,7k egingo lukete sozialisten alde, eta, ondorioz, 8 parlamentari izango lituzkete.

PPk botoen % 9,1 eta 8 ordezkari bereganatuko lituzke, egun baino bi gutxiago, baina aurreko inkestetan aurreikusitakoa baino bat gehiago.

Azkenik, UPyD desagertu egingo litzateke Eusko Legebiltzarretik, eta Ciudadanosek hartuko luke haren lekua (botoen % 2,7 eta parlamentari bat izango lituzke).

ITUN POSIBLEAK 16 06 2016 19 37

Emaitzak, lurraldez lurralde

Araban, EAJ izango litzateke indar bozkatuena, bozen % 27,9 eta 7 legebiltzarkide lortuta.

Bigarren lekuan berdinketa egongo litzateke Elkarrekin Ahal Dugu eta EH Bildu koalizioen artean, 5na ordezkari jasoko bailituzkete. Hori bai, Podemosen eta Ezker Anitzaren arteko zerrendak botoen % 20,4 izango lituzke, eta hautagaitza abertzaleak, aldiz, % 18,7.

PP laugarren izango litzateke, 4 legebiltzarkiderekin, eta PSE-EE egongo litzateke ondoren, 3rekin.

Ciudadanosek lurralde honetan lortuko luke bere legebiltzarkide bakarra.

ESERLEKUEN ESTIMAZIOA ARABAN 16 06 2016 19 34

Bizkaian, EAJk aise irabaziko luke, bigarrenaren boto eta eserleku kopurua bikoiztuta. Horren ildotik, jeltzaleek bozen % 41,9 eta 11 ordezkari izango lituzkete, eta bigarrenak, EH Bilduk, 5 parlamentari eta botoen % 18,2.

Elkarrekin Ahal Dugu hirugarren izango litzateke, 4 diputaturekin, baina 5 puntu galduko lituzke apiriletik, orduan boto-emaileen % 21,9k egingo baitzuketen haren alde, eta, hilabeteon, aldiz, % 17k egingo lukete.

PSE-EEk 3 ordezkari jasoko lituzke (egungoak baino bi gutxiago), eta, PPk, 2 (bat gutxiago).

ESERLEKUEN ESTIMAZIOA BIZKAIAN 16 06 2016 18 43

Gipuzkoan, EAJk jasoko luke babes handiena, botoen % 33,4 jasota. Hori dela eta, mantendu egingo lituzke egungo 9 parlamentariak.

Ondoren, EH Bilduk 7 legebiltzarkide izango lituzke (bi gutxiago); Elkarrekin Ahal Duguk, 5; PSE-EEk, 2 (bost gutxiago); eta PPk, bi, egun bezala.

ESERLEKUEN ESTIMAZIOA GIPUZKOAN 16 06 2016 18 43

Hautagaien balorazioa

Iñigo Urkullu (EAJ) da berriz ere hautagai baloratuena, eta gainditu duen bakarra, herritarrek 10etik 5,9 puntuko nota eman baitiote.

Bigarren postuan, Arnaldo Otegi (EH Bildu) gainditzeko zorian dago, 4,72 punturekin. Ondoren honakoak daude: Idoia Mendia sozialista (4,05), Alfonso Alonso popularra (2,31) eta Gorka Maneiro UPyDko burua (2,15).

Elkarrekin Ahal Duguk eta Ciudadanosek ez dute oraindik hautatu euren lehendakarigaia.

BALIZKO LEHENDAKARIGAIEN BALORAZIOA 15 06 2016 11 51

Lehendakari kargurako faboritoak

Lehendakarirako nor nahiago duten ere galdetu dute inkestan, eta parte hartu dutenen % 39k Iñigo Urkullu erantzun dute.

Bigarren aipatuena Arnaldo Otegi da (% 18,7), eta, urrunago, Elkarrekin Ahal Duguren hautagaia (% 1,9) eta Idoia Mendia (% 1,5) daude.

Bestalde, jaitsi egin da inoren alde egin ez dutenen kopurua. Apirilean % 44,7koa zen zenbakia, eta, ekainean, % 36,6koa da.

NOR NAHIAGO DUZU EAEKO HURRENGO LEHENDAKARI   15 06 2016 11 51

Fitxa teknikoa

EiTB Focus Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoa da. 1.200 pertsonari (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan) telefonoz galdetuta eginda dago, % 95eko konfiantza mailarekin.

Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, udalerria eta generoa kontuan hartuta sortu dute.

Inkesten % 23,1 euskaraz egin dituzte, eta gainerakoak (% 76,9), aldiz, gaztelaniaz.

Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.

Inkestak ekainaren 8an eta 9an egin zituzten. Elkarrizketek, batez beste, 8 minutu eta 7 segundo iraun zuten. Luzeena 21 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 5 minutukoa.

EITB FOCUSEN BILAKAERA 16 06 2016 21 12

OROKORRAK AUTONOMIKOAK  16 06 2016 22 02

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena