Politika -

ESPAINIAKO GOBERNUA

Ana Pastor aukeratu dute Kongresuko presidente

PPren eta Ciudadanosen hautagaiak 169 diputaturen babesa jaso du, bigarren bozketan. Patxi Lopezek, berriz, 155 boto eskuratu ditu.

Ana Pastor Kongresuko presidente berria

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Pastor Espainiako Gobernuko jarduneko Sustapen ministroa da, gaurtik, Kongresuko presidente berria, bigarren bozketan Patxi Lopez sozialistari irabazita.

Pastorrek 169 diputaturen babesa jaso du: PPko 137 (UPNko 2 eta Foro Asturiasko bat, tartean) eta Ciudadanos alderdiko 32 diputaturena, hain zuzen.

Lopezek, berriz, 155 boto eskuratu ditu: PSOEko 85 eta Unidos Podemoseko 71 diputaturena. Ezkerreko koalizioko diputatu batek ez du bozkatu.

Horrez gain, 25 boto zuri zenbatu dira: ERC, CDC, EAJ, EH Bildu eta CC alderdien botoak.

Maria Teresa de Lara Adineko Mahaiaren presidenteak emaitzaren berri eman duenean, PPko eta Ciudadanoseko diputatuen txalo-zaparrada jaso du Pastorrek. Pedro Sanchez PSOEren buruak ere egin dizkio txaloak.

Kongresuko presidentea aukeratu ondoren, Ganberako Mahaiko presidenteordeak eta idazkariak hautatzeko bozketa egin dute diputatuek. Ignacio Prendes (Ciudadanos), Micaela Navarro (PSOE), Rosa Romero (PP) eta Gloria Elizo (Unidos Podemos) aukeratu dituzte presidenteorde, eta Alicia Sanchez-Camacho (PP), Juan Luis Gordo (PSOE), Marcelo Exposito (En Comu Podem) eta Patricia Reyes (Ciudadanos) izango dira idazkari berriak. Horrela, PPk eta Ciudadanosek gehiengoa izango dute Mahaian.

Bozketak amaitu ondoren, eta protokoloari jarraituz, Konstituzioaren zina egitea eskatu die Pastorrek diputatuei, demokraziako XII. legealdiari hasiera emanez.

"Elkarrizketa eta akordioa"

Kongresuko presidente bezala egin duen lehendabiziko hitzaldian, elkarrizketaren aldeko apustua egin du. "Espainiak, inoiz baino gehiago, egonkortasuna, elkarrizketa eta akordioa behar ditu", esan du.

Legealdi honetan Espainiako herritarrek "nazio gisa aurrera egiteko" erreformak espero dituztela gaineratu du. Ildo horretan,  legealdi "oparoa" izango dela esan du.

Protesta

Pastor presidente izendatu dutenean, protesta oihuak ere entzun dira gonbidatuen tribunatik. Alvia tren batek Santiagon (Galizia) izan zuen istripuaren biktimak biltzen dituen plataformako kide batek afixa bat bota du diputatuen eserlekuetara, Pastor solidarioa ez dela oihukatu duen bitartean.

Victor Taibo Gomez-Limon izan da protestaren egilea, Teresa Gomez-Limon PPko diputatu ohiaren semea. 2013ko uztailaren 24an Santiagoko Angrois auzoan izan zen istripuan 81 pertsona hil ziren, eta 100 baino gehiago zauritu; besteak beste, PPko diputatua. Ordutik, ezbeharraren inguruko datuak ezkutatzea eta informazioa manipulatzea leporatzen diote biktimen senideek jardunean dagoen Sustapen ministroari.

En Marea taldeak gonbidatuta joan da Taibo Kongresura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra Patxi Lopez argazkiak Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak