Politika -

Auzitegi Nazionala

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Def con Dos taldeko abeslaria

Twitterren terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita epaitu zuten, baina epaileak ez du uste Strawberryren iruzkinak gorrotoaren diskurtsoaren baitan kokatu behar direnik.

Cesar Strawberry Def con Dos taldeko abeslaria, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Cesar Strawberry Def con Dos taldeko abeslaria, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE
Cesar Strawberry Def con Dos taldeko abeslaria, epaiketan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Cesar Augusto Montaña Lehman Def Con Dos musika taldeko abeslaria, Cesar Strawberry ezizenarekin ezagutzen dena, 2013an eta 2014an argitaratutako hainbat txiotan terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita epaitu ostean. Auzitegi Nazionalak ez du uste Strawberryren iruzkinak gorrotoaren diskurtsoaren baitan kokatu behar direnik.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko lehen sekzioak bere epaian azpimarratu duenez, abeslariak tonu probokatzaile, ironiko eta sarkastikoa erabili du bere txioetan, abestietan egin ohi duen bezala. Dena den, Nicolas Poveda magistratuak boto partikularra eman du.

"Errealitate sozialarekin eta politikoarekin kritikoa den tonua erabili zuen, publikoak bere lanen inguruan egon ohi den metafora eta fikzio zentzua uler zezan, horren atzean, betiere, izaera bakezalea eta kulturala zegoela", epaiaren arabera.

Ezbaian jarritako txio guztiak aztertu ondoren, epaimahaiak ez du uste Cesar Strawberryk terrorismoa goratu duenik. Boto partikularra eman duen Nicolas Poveda epailearen ustez, baina, Strawberry zigortu beharra zegoen, bereziki, Jose Antonio Ortega Lararen inguruan esandakoengatik.

Abeslaria auzitara eraman duten mezuak hauek dira: "Cuántos deberían seguir el vuelo de Carrero Blanco" (Zenbatek jarraitu beharko lukete Carrero Blancoren hegaldia?, "Street fighter, edición post-ETA: Ortega Lara versus Eduardo Madina" (Street fighter ETA ondorengo edizioa: Ortega Lara versus Eduardo Madina), "¿Se puede llevar una camiseta con un estampado de Miguel Ángel Blanco? Lo pregunto desde el respeto y el verano" (Eraman al daiteke kamiseta bat Miguel Angel Blancoren irudiarekin? Errespetutik eta udatik galdetzen dut), "El fascismo sin complejos de Esperanza Aguirre, política del Partido Popular, me hace añorar hasta los Grapo" (Esperantza Aguirre Alderdi Popularreko politikariaren konplexu gabeko faxismoak Graporen falta sumatzera naramate), "A Ortega Lara habría que secuestrarle ahora" (Ortega Lara orain bahitu beharko lukete), "Franco, Serrano, Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar... si no le das lo de Carrero Blanco, la longevidad se pone siempre a su lado" (Franco, Serrano, Suñer, Arias Navarro, Fraga, Blas Piñar… Carrero Blancorena ematen ez badiezu, zahartzaroa haien alde jartzen da).

 

Cesar Strawberry: "Ezin naiz damutu, ez pertsona moduan, ezta artista bezala ere"

Cesar Strawberry pozik agertu da Auzitegi Nazionalak azkenean absolbitu egin duelako.

“Ezin dut damurik agertu, ez pertsona moduan, ezta artista edo hiritar moduan ere. Nire buruari lepora diezaioket tontoegia edo baldarra izan izana, agian zikinegia eta zakarregia izan izana, gustu txarrez jokatu izana… Baina epaiketa moral bat ezin daiteke inoiz epaiketa penal batean bilakatu”, adierazi dio EFE albiste-agentziari.

“Horrelako akatsak egin daitezke, baina akats horrek kartzelan sartzea  suposatzea…”, deitoratu du Strawberryk. Hemendik aurrera adierazpen publikoetan izango duen jarreraz galdetuta, bere diskurtsoari “koherentziaz” eutsiko diola eta, beraz, orain arte bezala jarraituko duela esan du.

“Gerard Briard Charlie Hebdoren erredaktore buruak esan zuen moduan, ‘autozentsura autoritasmoaren hasiera da’. Honekin guztiarekin gauza batzuk pentsatzeko eta esateko beldurra izan dezagula bilatzen dute, beldurra okerrak egitera, baina okerrak egitea eskubide bat da”, erantsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Berriak Politika Delituak azken ordukoa Epaiketak bideoak Albisteak