Politika -

Mahaiaren aukeraketa polemikoa

Pablo Iglesiasek eta Andoni Ortuzarrek ika-mika izan dute Twitterren

Kongresuko mahaiaren presidenteordeak aukeratzeko bozketan izandako 10 boto ezezagunak izan dira eztabaidaren kausa.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuko mahaiaren presidenteordeak aukeratzeko bozketan izandako 10 boto ezezagunek zeresana ematen jarraitzen dute.

PPk eta Ciudadanosek Ganberako Mahaiaren postuak banatzeko akordioa lortu zuten. Hala, Kongresuko presidenteak PPko eta Ciudadanoseko 169 diputatuen babesa jaso zuen. Bestalde, bi presidenteordek 10 parlamentari nazionalistaren ezusteko babesa jaso zuten bozketan. Publikoki ez dituzte identifikatu, eta horrek zurrumurruei bide eman die.

Alderdi abertzale guztiek ukatu dute, baina kontuak ez dira ateratzen. CDC, ERC, EAJ edo CCko hamar bat diputatuk iragarritako boto zuria aldatu behar izan dute eta PPko eta Ciudadanoseko hautagaiei baiezkoa eman.

Testuinguru horretan, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak eta Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ika-mika izan dute gaur Twitterren, gai horren kontura.

Iglesiasek txio bat idatzi dio Ortuzarri, eta, horretan, zera esan dio: "PPk baieztatu egin du haien alde bozkatu zenutela. Krahek esaten zuen bezala, gizon zuriak zizare mingainarekin hitz egiten du".

Hori horrela, EAJko buruak erantzuna eman dio: "zuk ikusiko duzu norekin fio zaren, PPrekin edo EAJrekin. PPri sinisten hasiko zara, eta PPren antza hartuko duzu azkenean".

Eztabaida ez da han bukatu, Iglesiasek nor ari den "gezurretan" galdegin baitu: "ERC? Bildu? Hamar boto izan dira eta Convergenciak gehienez 8 eman zitezkeen". Ortuzarrek, ondoren: "Ez dio inori ezer egotziko frogarik gabe".

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak ere esku hartu du eztabaidan, eta koalizio abertzalea "ez nahasteko" eskatu die bi agintariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak PNV-EAJ Andoni Ortuzar bideoak Pablo Iglesias albisteak Gaurko azken orduko albistea Podemos berriak