Politika -

Espainiako Gorteak

EAJk taldea izango du Senatuan, PPri esker

PSOEk ezezkoa eman ostean, PPrengana jo zuten jeltzaleek, eta honek lau senatari utziko dizkie araudiak eskatutako 10ak izateko.

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk talde propioa izango du Senatuan PPrekin lortutako akordio bati esker. Itunaren arabera, PPk lau senatari utziko dizkio EAJri "kortesia parlamentarioz", eta jeltzaleek dituzten seirekin, 10 izango ditu, hau da, araudiak galdegindako 10ak.

Albistea Jokin Bildarratz EAJko senatariak baieztatu du Radio Euskadin, baita Jose Manuel Barreiro PPk goi ganberan duen bozeramaileak ere (honek Radio Nacional de España irrati katean). Lehenengoaren esanetan, PSOErekin negoziatu zuten aurrena, baina sozialisten ezezkoa jaso ostean, 'popularrengana' jo zuten. 

Senatuko araudiaren arabera, 10 ordezkari behar dira taldea osatzeko, alderdien artean "lagatzeak" posible badira ere, betiere muga jarrita: legegintzaldian zehar, taldeek ezin dituzte sei senatari baino gutxiago izan. EAJk sei senatari ditu, eta, horrenbestez, horiekin nahikoa du legegintzaldi osoan aritzeko. Gaur dute azken eguna Senatuan taldeak osatzeko (20:00ak arte).

EAJren iturriek Europa Press albiste agentziari nabarmendu diotenez, "ezinbestekoa" da EAJk Senatuan "ahots propioa" izatea, horri esker, presidenteari galderak egin ahal dizkiotelako, eta mozioak eta ez legezko proposamenak aurkeztu ahal dituztelako. Jeltzaleen iritzian, "euskal agendak" lekua edukiko du Madrilen.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, akordioaren truk ezer emango ez dutela azpimarratu du Jokin Bildarratz EAJren senatariak, eta Rajoyren inbestiduran "ez" bozkatuko dutela berretsi dute. "Ezeren truke emango dizkigute. Beraiek jarrera on bat eduki dute gurekiko, eta jarrera hori hor geratzen da", esan du.

Jose Manuel Barreiro PPren Senatuko bozeramaileak RNE irrati katean hitz egin du. EAJri bai, baina CDCri (lau senatari dituzte) taldea osatzen lagunduko ez diotela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Araba Alderdi politikoak bideoak