Politika -

'Basque Country' estrategia

Euskadiren marka nazioartekotzeko aholku batzordea izango du EAEk

Nazioartearen ezagutza zabala duten agenteek eta erakundeek osatzen dute organo osatu berria.

Batzorde aholkularia, gaur egindako aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Argazkia: Irekia
Batzorde aholkularia, gaur egindako aurkezpenean. Argazkia: Irekia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskadiren markaren nazioartekotzea sustatzeko eta gai horretan aholku emateko batzordea izango du aurrerantzean. Iñigo Urkulllu lehendakaria batzordearen lehen bileraren buru izan da gaur, eta batzordea formalki eratuta geratu da.

Nazioartearen ezagutza zabala duten agente eta erakundeek osatzen dute Kanpo Harremanetarako Aholku Batzordea, askotariko profilak dituzte denek ere: soziala, akademikoa, kulturala, teknologikoa eta enpresa-arlokoa, beteak beste.

Jaurlaritzaz gain, beste hainbat erakunde ere ordezkatuta daude batzordean: euskal unibertsitateak, korporazio teknologikoak, merkataritza-ganberak, Guggenheim Museoa, Basque Culinay Center, Mondragon Internazionala eta Munduko Nekazaritza Foroa, etab. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, bestalde, nazioartean eragina duten bost pertsona ospetsu proposatu ditu batzordekide izateko, eta hauek dira, zehazki: Eneko Landaburu EBko Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi ohia; Ana Maria Correa Michell Bacheleten lehenengo gobernuko Ekonomiako zuzendariordea; Kirmen Uribe euskal idazle eta Narratiba Sari Nazionala; Ana Maria Arriola Euskadiko GGKEen Koordinakundeko burua; eta Arantxa Anitua, Buenos Aireseko Laurak Bateko, munduko Euskal Etxerrik zaharreneko, burua.

Urkulluren hitzetan, batzorde hau eratzeak jarraipena ematen dio "Euskadi nazioartekotzeko bideari", eta gogoratu du legealdiko lehenengo erreferentea 2013an aurkeztutako Basque Country Estrategia izan zela; ondoren etorri ziren Nazioartekotze Esparru Estrategia 2020 (2014ko apirila), Euskal Gizataldeen Mundu Batzarra (2015), eta Basque Consortium gida (2015).

"Mahai honen inguruan elkartu diren ezagutza, esperientzia eta nazioarteko joan-etorriak aprobetxatu nahi ditugu. Elkarrekin gogoeta egiteko tokia da hau, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarako eta sareko lanerako topagune", esan du Urkulluk agerraldian.

Euskadi Munduan

Gaurko ekitaldian 2020rako Basque Country Estrategiaren 2014-2015eko Jarraipen Txostena eta Ildo Nagusiak aurkeztu dituzte, Euskadiren nazioartekotzeko prozesuaren "erradiografia", alegia.

2014-2015 biurtekoaren analisiaren arabera, Eusko Jaurlaritzak nazioarteko 827 ekintza egin ditu bi urte hauetan. Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza du 74 herrialdeetan: Belgikan, Argentinan, Txilen, Kolonbian, Estatu Batuetan eta Mexikon. Horrez gain, 10 bulego daude ekonomiaren eta merkataritzaren esparruko interesak ordezkatzeko. Horiei guztiei, Euskadin 41 herrialdetako kontsulatuak daude, eta horietako ekonomiak munduko BPGren % 30,8 dira.

Euskal enpresei dagokionez, 94 herrialdetan daude, eta 1.680tik gora daude atzerrian ezarrita.

Interneten munduko hizkuntzen % 5 bakarrik erabiltzen dira, eta horietako bat euskara da; sarean nabigatzeko erabiltzen diren hizkuntzetako 44.a da

Euskaditik esportatzen diren tarteko teknologiako eta goi-teknologiako produktuak esportazio guztien % 51,9 izan ziren 2015ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Urkullu EHU albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Mondragon Unibertsitatea