Politika -

Zarzuela jauregia

Erregeak bilerak amaituko ditu gaur; Rajoyk babesik gabe jarraitzen du

Ciudadanos, Podemos, PSOE eta PPko buruzagiak hartuko ditu Felipe VI.ak, Mariano Rajoy inbestidura saiorako proposatu ala ez erabaki baino lehen.

Felipe VI.a Aitor Esteban (EAJ) agurtzen atzo. Argazkia: EFE
Felipe VI.a Aitor Esteban (EAJ) agurtzen atzo. Argazkia: EFE
Felipe VI.a Aitor Esteban (EAJ) agurtzen atzo. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hirugarren hauteskundeen hipotesiak indarra hartzen jarraitzen du gaur, Mariano Rajoy PPko hautagaiak bere alderdiaren, UPNren eta Foro Asturiasen babesa bakarrik baitu.

Ciudadanos, Podemos, PSOE eta PPko buruzagiak hartuko ditu Espainiako erregeak Zarzuela jauregian, Mariano Rajoy inbestidura saiorako proposatu ala ez erabaki baino lehen.

Jardunaldi erabakigarri honetan, Zarzuelara joaten aurrena Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea izango da, 10:30ean. Mariano Rajoyren balizko inbestidura saio batean, bigarren bozketan abstenituko liratekeela berretsi du Riverak. PSOEri jarrera berdina eskatu dio Ciudadanoseko agintariak, hauteskunde berriak saihesteko.

Ordubete geroago, Felipe VI.ak Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia hartuko du. PPko buruzagiak Gobernuko presidente izateko babes nahikoa lortzen ote duen ikusteko unea dela uste du Iglesiasek. Ez badu lortzen, PSOEk erantzukizuna hartu beharko lukeela erantsi du, bigarren indar bozkatuena baita.

Ondoren, estatuburua Pedro Sanchez buruzagi sozialistarekin bilduko da. Rajoyren inbestidura lehenbailehen izan beharko litzatekeela uste du Sanchezek. PSOEk “ezezkoa” emango diola iragarri du. Beste babes batzuk bilatzeko, negoziazioa eskatu dio PPko presidenteari.

"Guztiekin hitz egiten"

Azkenik, Felipe VI.ak Rajoy hartuko du arratsaldean. Alderdi Popularraren hitzetan, Rajoy “guztiekin hitz egiten” ari da babesen bila. PSOEren ezezkoa eta Ciudadanosen abstentzioa soilik jasotzera makurtzen ez dela gaineratu du PPk. Hala ere, babesik lortzen ez badu inbestidurara ez aurkeztea logikoa dela uste du PPk.

PPko buruzagiarekin bildu ondoren, erregeak Ana Pastor Kongresuko presidentea deituko du, bilera-sortaren emaitzen berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Felipe VI.a argazkiak Pedro Sánchez albisteak Gaurko azken ordukoa Albert Rivera albisteak