Politika -

Justizia ministro ohia

Gallardonek pertsona juridikoei ezarritako tasak baliogabetu dituzte

Auzitegi Konstituzionalak, PSOEk aurkeztutako helegitea partzialki aintzat hartuta, konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi du.

Alberto Ruiz-Gallardon. Argazkia: EFE.
Alberto Ruiz-Gallardon. Argazkia: EFE.
Alberto Ruiz-Gallardon. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak baliogabetzat jo ditu, konstituzioaren aurkakoak izateagatik, bere garaian Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministro ohiak pertsona juridikoei ezarritako tasa judizialak, Europa Pressi iturri juridikoak jakitera eman diotenez.

Aho batez onartutako epaian, Auzitegiak partzialki hartu du aintzat PSOEk aurkeztutako helegitea, eta konstituzioaren aurkakotzat jo ditu bai jurisdikziorako sarbidea ematen duten tasak bai eta helegiteak jartzekoak ere; izan ere, 2012ko azaroan onartutako bi zerga horiek benetako babes judizialeko eskubidea urratzen dute.

Hain zuzen, Auzitegi Konstituzionalak indargabetu ditu legearen 7.1 artikuluko etenak, non aurreikusten den 200 euroko kuota finkoa xedea bada administrazioarekiko auzi-prozesu laburtuko helegitea jartzea, eta 350 eurokoa baldin eta administrazioarekiko auzi-prozesua ohikoa bada. Baliogabe utzi du, halaber, apelazio-helegitea jartzeko 800 euroko kuota, kasazio-helegitea aurkezteko eta orden zibilean arau-hauste prozesalaren osteko ezohiko errekurtsoa jartzeko 1.200 euroko kuota ere; suplikazio-helegitearen 500 euroko kuota eta kasazio-helegitearen 750 eurokoa ere.

Auzitegiak, horretaz gain, 7.2 artikulua ere indargabetu du; bertan, kuota aldakor bat ezartzen da: auzikoaren balio ekonomikoari dagokion zerga ezarriz kalkulatzen da kuota hori. Hala galdegin dute judikaturako hainbat profesionalek eta zenbait sindikatu eta kontsumitzailek; izan ere, araua onartu bezain laster arbuiatu zuten, eta "Guztiontzako Justizia" plataforma sortu zuten haren aurka.

Ez du urratzen hiritarrek duten benetako babes judizialerako eskubidea

Auzitegi Konstituzionalak ohartarazten du epaiak eragina izango duela ebazpen finkorik ez duten auzietan; gainera, dioenez, orden zibilean, administrazioarekiko auzi-prozesuetan eta orden sozialean tasak egoteak ez du urratzen, berez, hiritarrek duten benetako babes judizialerako eskubidea, eta ez duela egiten Administrazioak kontrol judizialaren mendean egoteko aginduaren aurka, ez eta Justiziak doakoa izateko oinarriaren aurka ere.

Idazkari Judizialen Sindikatu Independentea pozik azaldu da Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenarekin; izan ere, sindikatuak dio herritarrentzako eta sistema judizialerako "albiste ona" dela: "Arau hau indargabetzeak argi uzten du porrota sozial, politikoa eta kudeaketakoa izan duela", adierazi du sindikatuak ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Eguneko albisteak