Politika -

Hezkuntza

'Euskal Herria', Nafarroako testuliburuetan berriro

UPNk eta PPk Nafarroako Gobernuaren aurka egin dute berriz, Hezkuntza Departamentuak foru arau batzuk baliogabe utzi ondoren.

Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilaria. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroaren presentzia testuliburuetan, eta horietako batzuetan Euskal Herriaren barruan sartzeak polemika sortu du Foru Erkidegoan. UPNk eta PPk Nafarroako Gobernuaren aurka egin dute berriz, Hezkuntza Departamentuak foru arau batzuk baliogabe utzi ondoren.

Estebe Petrizan Hezkuntza zuzendari nagusiak baieztatu duenez, uztailaren 5ean Jose Luis Mendoza kontseilariak lau foru arau baliogabe utzi zituen, 2010eko hiru eta 2014ko beste bat. UPNk eta PPk erabakia kritikatu dute, Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen ez duten testuliburuak erabiltzeko aukera ematen duelako.

Petrizanek, ostera, dena ukatu du. Errealitate instituzionala errespetatzen ez duten testuak antzematen baldin badituzte “kentzea eskatuko lukete, noski”, ziurtatu duenez.

Aurretiazko zentsura

“Baina ez aurretiazko zentsura bat bezala”, zehaztu du Hezkuntzako zuzendari nagusiak. Petrizanen hitzetan, Euskal Herria “hitzak UPN gogaitzen du”, baina hori “beraien arazoa da, hitza euskaldunek erabiltzen dute euren burua definitzeko antzina-antzinatik”.

Petrizanen ahotan, Euskal Herria kontzeptu kultural edo linguistikoa da, “euskararen lurraldea da”, eta “ez du nafarren oinarrizko eskubideak urratzen”. Zentzu horretan, UPNren “aurreiritzi ideologikoak” eta “historia obsesiboa” kritikatu ditu.

Baliogabe utzi dituzten foru arauek Estatuko hezkuntza legea “urratzen” zutela gaineratu du Petrizanek. Alde batetik, zentroek materialak aukeratzeko burujabeak dira, eta bestetik, testuliburuen edizioak eta hautaketak ez dute Administrazioaren baimenik behar.

Zuzendari nagusiaren esanetan, aurreko Gobernuak “ez zuen testua debekatzen, doako egitarautik atera baizik”, gauza “bitxia da”. “Ondorioz, legeak aurretiazko zentsura ziren, gu ez gaude ados horrekin”, erantsi du.

“Zentzugabekeria”

UPNk eta PPNk erantzuna iragarri dute bi agiritan. Besteak beste, kontseilariaren agerraldia eskatuko dute alderdiek.

“Hezkuntza helburu politikoekin erabiltzea zentzugabekeria” dela uste du Alberto Catalan UPNko bozeramaileak, “are gehiago, Nafarroarekin zerikusirik ez duen errealitate politiko eta instituzional bat doktrinatu nahi dutenean”.

Bestalde, erabakia “onartezina” dela esan du Javier Garcia PPNko bozeramaileak. Garciaren hitzetan, Euskal Herria kontzeptuak testuinguru kultural eta linguistiko bati erreferentzia egiten diola saldu nahi izateak “nafarren inteligentziari iraina da”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN Nafarroa Nafarroako Gobernua berriak