Politika -

Diputatuen Kongresua

Rajoyk bere burua proposatuko du inbestidura-saioan, aukerarik gabe

Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Sanchezi aurpegiratuko dio gaur hastekoa den inbestiduraren porrota. PPk Ciudadanosen eta CCren botoak jasoko ditu, baina ez da babes nahikoa.

Rajoy, aurreko legealdiko inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Rajoy, aurreko legealdiko inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Rajoy, aurreko legealdiko inbestidura saioan. Argazkia: EFE

agentziak | errdakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak inbestidura-saioaren eztabaidari aurre egin beharko dio gaur, asteartea, presidente izateko babes nahikoa izan gabe. Hori dela eta, litekeena da porrot egitea. Aurreko egunetan esandakoaren arabera, gobernuburu espainiarrak PSOEri aurpegiratuko dio gobernurik gabe jarraitzea, Pedro Sanchezi ituna egiteko hitzordua eskatu (aldeko botoa edo abstentzioa adosteko) eta horrek ezezkoa eman ostean.

Mariano Rajoyk hitza hartzen duenerako, gaur, zortzi hilabete baino gehiago beteko ditu jardunean, baina ez du lortuko normaltasunera itzultzea, Alderdi Popularraren, Ciudadanosen eta Coalicion Canariaren botoak (170) jasota ere, ez direlako nahikoak hautagaitza onartzeko, ez lehen bozketan ez bigarrenean.

Rajoyk Felipe VI.a erregearen eskaria jaso zuenetik, PPk presionatu egin du PSOE, inbestidurak porrot eginez gero hirugarren hauteskundeak izango liratekeela ohartaraziz.

Halere, Ciudadanosekin ituna lortu ostean, Espainiako jarduneko gobernuburuak esan zuen prest egongo litzatekeela inbestidurarako saio gehiago egiteko, horien bidez, gobernua osatzea lortuko balu, eta irailaren 25ean Galiziako eta EAEko hauteskundeak izan baino lehen izan daitekeela iragarri zuen. Horren ildotik, astelehenean berretsi egin du inbestidurak bere helburua lortzen ez badu "saiatzen" jarraituko duela, eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin hitz egiten segituko duela, herrialdea geldialditik atera dezakeen alderdia delako.

Ciudadanosekin akordioa

Gobernu programaren aurkezpenean, jarduneko presidenteak gainerako alderdiek egindako ekarpenak aipatuko ditu, bereziki, Ciudadanosekin lortutako ituna. Bertan adostutako 150 neurrien artean, 100 baino gehiago Albert Riverak eta Pedro Sanchezek aurreko legealdiko inbestidura-saiorako egindako itunean jasota zeuden, C's-ko buruak nabarmendu duenez.

Edonola ere, Rajoyk Ganberan azalduko dituen ardatz nagusiak neurri ekonomikoak izango dira, bere ustean, susperraldi ekonomikoari eusteko "gakoak" baitira hazten jarraitzeko, enplegua sortzen jarraitzeko eta orain arte lortutakoa "arriskuan ez jartzeko".

Hori izan da azkenaldian Rajoyk erabili duen argudioa. Aurreko larunbatean, hain justu, gauza bera errepikatu zuen Galizian, ikasturte politikoaren hasierako ekitaldian. "Gauzak ondo doaz, baina baliteke ez horren ondo joatea, asko baitira Espainia barruan eta kanpoan jaso ditugun abisuak, egoera hau ezin baita luzaroan mantendu", esan zuen.

Hori dela eta, bere hitzaldian PSOEren erantzukizuna aipatuko du behin eta berriz, eta bera presidente aukeratzen ez badute Sanchezen errua dela esango du, milioika herritarren interesekin, ekonomiarekin eta bizitzarekin jolastea egotziko dio, eta, era berean, "ahaleginak" egiteko prest azalduko da, "Konstituzioak, logikak eta arrazoiak" zehazten dituen mugen barruan, "egoera honetatik ateratzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika PP Espainiako Gobernua Espainia bideoak Ciudadanos Albisteak