Politika -

Urte politiko berria

Eusko Jaurlaritza azaro amaierarako osatuta egotea espero du Urkulluk

Eusko Jaurlaritzak 2,3 milioi euro bideratuko ditu irailaren 25eko hauteskundeetan langileek eta Hauteskunde Administrazioak eragindako kostuak finantzatzeko.

Iñigo Urkullu. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu. Argazkia: EiTB
Lehendakariak dio EH BIldu jakitun zela zer gerta zitekeen Otegirekin

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritza berria azaroa amaitzerako osatuta egotea espero du Iñigo Urkullu lehendakariak. Eusko Jaurlaritzak urte politiko berriko lehen bilera egin du goizean Donostiako Miramar jauregian, eta, ondoren, Urkulluk kazetarien aurrean hitz egin du.

Gobernu Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren proposamena onartu du, eta, horrenbestez, 2,3 milioi euro bideratuko ditu irailaren 25eko hauteskundeetan langileek eta Hauteskunde Administrazioak eragingo dituzten kostuak finantzatzeko. Diru-partida hori 2012ko hauteskundeetan baino % 8,5 txikiagoa izango da (orduan 2.513.000 eurokoa izan zen), batez ere, 185 hauteskunde-mahai gutxiago izango direlako eta, ondorioz, 2.000 pertsona gutxiago izango direlako mahaikide.

Espainiaren gobernagarritasuna

Espainiako egoera politikoa desblokeatzea ahalbideratuko duten "estatu-itunak" lortzeko "aurretik" lan egin ez izana aurpegiratu die Urkulluk estatu-mailako alderdi politikoei; PPri eta PSOEri, hain zuzen. Izan ere, horren esanetan, erantzukizun hori ez dagokio EAJri.

Arratsaldean Espainiako Diputatuen Kongresuan hasiko den inbestidura saioari begira, Urkulluk nabarmendu du Espainiako alderdi politikoek ez dutela beren gain hartu "estatu-krisi" egoera eta ez direla gai izan egungo blokeo politikoari irteera emango dioten "estatu-itunak" lortzeko.

Lehendakariaren esanetan, EAJk estatu-itunak ehuntzeko ardura bere gain hartu zuen iraganean, baina "mespretxatua" izan zen euskal autogobernua garatu ez zelako. Ildo horretan, Espainian demokrazia eraikitzen ari zen garaian EAJk zeregin hori bere gain hartu zuela esan du Urkulluk, nahiz eta orain trantsizioko espiritu hori "urratuta" eta "bukatuta" ikusten duen.

PPren eta Ciudadanosen arteko akordioari dagokionez, Urkulluk adierazi du bi alderdiek adostutako 150 konpromisoak irakurri dituela eta horietako askok Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituztela. Idatzita egon ez arren, Ciudadanosek esandakoek kezkatzen dutela ere esan du Urkulluk; izan ere, Albert Riveraren alderdiak Kontzertu Ekonomikoa ezabatzeko eta Estatuari autonomia erkidegoekiko nagusitasuna emateko asmoa agertu izan du behin baino gehiagotan.

Urkulluren erantzuna, Otegiri

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, atzo Otegik esandakoari erantzun dio Urkulluk; izan ere, Otegik esan zuen bera ez litzatekeela lehendakarigai izango baldin eta beste alderdi bateko hautagai bati aurkezten utziko ez baliote.

Lehendakariak adierazi du ez dituela ikusi EH Bilduko zerrendako kideak "bere osotasunean" irailaren 25eko hauteskundeetara aurkezteari uko egiten, behin Otegiri hauteskundeetara aurkeztea eragotzi diotenean.

Bera eta EAJ Bateragune auziaren kausen eta ondorioen kontra daudela eta horrekin dena esanda dagoela azpimarratu du Urkulluk. Horren hitzetan, Arnaldo Otegik, haren defentsak eta ezker abertzaleak bazekiten zer gerta zitekeen lehendakarigai gisa aurkeztuz gero.

Urkulluren esanetan, EH Bildu esparru judizialean bere ibilbidea egiten ari da, nahiz eta Arnaldo Otegik epaia ontzat hartuko duela esan. Are gehiago, beste buruzagi edo arduradun politiko batzuei eskaria egitea arreta beste nonbaitera desbideratzea dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza Hauteskundeak Euskadin Eguneko albisteak